
Gaur, maiatzak 30, inauguratuko den Ertibil Bizkaia erakusketaren XXXVII. edizioa prentsaurrekoan aurkeztu dute goizean. Erakusketa ibiltaria Bilboko Rekalde Aretoan abiatuko da gaur, eta gero Ea, Balmaseda, Elorrio, Arrigorriaga, Eibar eta Getxo udalerriak bisitatuko ditu, abenduaren 29ra bitartean. Ekimenaren helburua Bizkaian euren lana garatzen duten artista hasiberriak laguntzea eta bultzatzea da.
Aurtengo edizioan 83 artistak hartu dute parte espezialitate guztietako 113 lanekin. Horien artetik, 18 artistaren 18 obra aukeratu dira erakusketa osatzeko. Horien artean hiru saridunak ere aukeratu ditu epaimahaiak. Honakoak: Juan Pablo Orduñez-MawatreS, Borja Gomez Diez eta Izaro Ieregi.
Juan Pablo Orduñez-MawatreS artistak BlackMonuments (artxiboa) obra aurkeztu du: “espazio publiko demokratizatuan, printzipio hegemonikoen kontrako ideiak goraipatu nahi dituzten monumentu berriak sortzerako orduan lengoaia tradizional eta naturalizatuen erabilera errepikakorrari ekiten dion garapen-prozesuan dagoen proiektu baten parte da”.
Borja Gomez Diez pintura materikoaren -testura desberdinekin, arinak zein latzak eta zenbait zimurrekin- keinu herabe baten eta eskaneatua ahalbidetzen duen erreprodukzioaren planismo eta leuntasunaren artean mugitzen da.
Azkenik, Izaro Ieregik hainbat emakumeren keinu eta imintzioak azaltzen dituzten lehen planoko argazkiekin osaturiko bilduma bat aurkeztu du.
Horiekin batera honakoak ere hautatuak izan dira erakusketan parte hartzeko: Raisa Alava, Ana Arsuaga, Maria Benito Piriz, Mar de Dios, Andoni de la Cruz, Urotz Deusto Iturregi, Ivan Gomez, Gomez Selva, Estibaliz Gutierrez, Eztizen de la Cruz, Saray Perez Castilla, Ander Sagastiberri Fernendez, Natalia Suarez Ortiz de Zarate, Diego Vivanco eta Imanol Zubiauz.
Lorea Bilbao Euskara eta Kultura diputatuak azpimarratu du Ertibil “gazte sortzaileen lanik berritzaile eta sortzaileenak babeste dituela, artista sortzaileen ikusgaitasuna bermatzeko, talentu berrien agerpena sustatu eta bultzatu nahi duelako”.
Bigarren urtez, Ertibilek Japonian bi hilabeteko egoitza artistiko bat atondu du irabazleentzat. Joan den urteko irabazleek laster batean erakutsiko dituzte euren lanak Bilboko Berreginen Museoan.
Rekalde Aretoak hartuko du erakusketa uztailaren 7ra arte, eta diogun bezala, hurrengo hilabeteetan, Ea, Balmaseda, Elorrio, Arrigorriaga, Eibar eta Getxon bisitatu ahalko da.



