MUSIKA

45. Heineken Jazzaldia uztailaren 21etik 25era bitartean izango da

45. Heineken Jazzaldia uztailaren 21etik 25era bitartean izango da. Jazz Band Ball-a berreskuratuko du jaialdia abiatzeko eta, ohi bezala, Trinitate Plaza, Kursaala eta Victoria Eugenia Antzokia izango dira agertoki nagusiak.

Jazz ikuspegi zorrotz batetik begiratuta, aurtengo egitaraua erakargarria da oso; jazz legendak, beteranoak, izar ospetsuak eta artista hasiberriak bateratzen ditu. Lehenen artean dira Archie Shepp, saxo tenor jotzaile handienetakoa; eta Ron Carter, jardunean den jazz baxu-jotzaile garrantzitsuena.
Jazz eszenan funtsezkoa den Stanley Clarke baxu-jotzailea Donostiara etorriko da Hiromi pianista japoniarrarekin. Jazz latinoko izarretako bat, Arturo Sandoval tronpeta-jotzailea, ere izango da 45. Heineken Jazzaldiko egitarauan. Eta Mulatu Astakte pianista eta bibrafono-jotzaile etiopiarrak afrikar erroak jazzarekin eta musika latinoarekin nahasiko ditu.

Egungo jazz eszenan ikusmin gehien sortzen duen artistetako bat da George Benson abeslari eta gitarrista. Espainiako kritikaren arabera, iaz Wadada Leo Smithek Madrilen eskaini zuen kontzertua aspaldian Espainian izan den kontzertu onena izan zen. Smith Donostiara etorriko da bere laukotearekin, distira bereziko Vijay Iyer piano-jotzailea barne. Jessye Norman artista apartak, jazz boskotea lagun duela, egitarau konplexua eskainiko du, non Gospel eta Espiritual tradizioko lanak eta Thelonious Monk eta Duke Ellington-en klasikoak eta Standard-ak uztartuko diren.

Aipatutako artista beterano hauekin batera, izen berri eta zoragarri multzoa izango da jaialdian: New Orleanseko izar berria, Christian Scott tronpeta-jotzailea; jazz britaniarrean zirrara eragin duen Portico Quartet; John Hollenbeck bateria-jotzailearen boskotea, The Claudia Quintet; eta Shibusa Shirazu Orchestra big band eta abar, eta abar.

Jaialdiaren egitarau osoa apirilaren 15ean jakinaraziko da eta sarrerrak apirilaren 19tik aurrera erosi ahal izango dira.

Heineken Jazzaldiak bidalita

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button