MUSIKA

Leok’k taldeak diskoa argitaratu du Saharako emakumeei laguntzeko

Zestoako Leok’k rock bandak Infinituari segika izenburuko hirugarren diskoa argitaratu du, SENB-Saharako Emakumeen Nazio Batasunari laguntzeko xedearekin. Taldeak 1968 urtean eratu zen, eta aurretik beste bi grabazio plazaratu ditu, biak ala biak Saharako emakumeen alde, Saemel (2006) eta Une bat… (2010).

“Herriko lehenengo rock taldea izateaz gain, musika molde hartan euskaraz abesten ere lehenengoetakoak izan ginen. Gure musikaren hasierako ibilbidean, frankismoa bete-betean zen, eta euskal kantagintzaren alde geure aletxoa ematen ahalegindu ginen”, jakinarazi du talde zestoarrak.

Leok’k bandako kideek, gainera, gizarte-ekintzarekin lotzen dute haien sormena. Hala, Saharako herriarekin konprometitutako proiektua da. “Saemel proiektua  jarri genuen abian, elkartasuna eta sostengua adierazteko. Disko berria, halaber, taldearen 50. urteurrena ospatzeko oparia ere bada”.

Taldearen aburuz, Egan, Akelarre, Errobi eta Koska taldeak baino lehenago hasi ziren rocka euskaraz jorratzen. Euskal Herri osoan jo zuten zuzenean, baina 1972an banda desegin zen soldaduska tarteko. Sunshine of your love (Cream), Gimme some lovin (Spencer Davis Group) edo Roadhouse blues (The Doors) dira jotzen zituzten kantu batzuk. 1992an bueltatu ziren, eta harrezkeroztik, Saharako herriari lotu diote haien musika.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button