Asteburu honetan Emakumeak Musikan 12. jaialdia izango da Areetako Andrés Isasi Musika eskolan. Emakumeak Musikan elkarteak antolatutako ekimenak historiako zenbait garaitako emakumezkoen musika-konposizioak zabaltzea eta bultzatzea du helburu.
Bihar, larunbatean, Mujer y música vocal: Intérpretes y autoras mahai-inguruaz abiatuko da programa 18:00etatik aurrera. Horretan Gotzone Higuera, Anna Bofill, Mercedes Zavala eta Cruz López de Rego musikagileek parte hartuko dute.
Geroago, 20:00etan, Browuer hirukotearen saioa hasiko da. Jenny Guerra biolin-jotzaileak, Elena Solanes biolontxelo-jotzaileak eta Carlos Apellaniz pianistak osatzen dute taldea. Kontzertuan honako konpositore hauen piezak joko dituzte: Laura Vega, Anna Bofill, Mercedes Zavala, Magaly Ruiz, Cruz López de Rego eta Claudia Montero.
Igandean, apirilak 22, Andrés Isasi abesbatzak kontzertua emango du eguerdiko 12:30ean. Saioan Imanol Ormaza izango da zuzendaria eta Fanny Mendelsshon-Hensel, Amy Beachen, Maria Luisa Ozaitaren, Alicia Codurasen eta Maria Jose Alvarezen konposizioak interpretatuko dira.
