
Joseba Tapia musikariak, Tximela kapitainaren izarrak izenburuko lan berria argitaratu du, eta Luis Rezola Aranak (Tolosda 1914-1993), Tximela kapitaina, Dueso espetxean idatzitako kantu sorta du ardatz.
Tapiaren hitzetan, “sei zaineko gitarra batek lagundu dit idatzia kantu bihurtzen. Gitarra jotzeko modua antzinakoa da. Estiloa ezaguna egingo zaizue. Kantaera ere bai. Gaia, betikoa dela esan liteke. Baina entzungo dituzuen kantuok, ederrak dira”.
Diskoa Azkarate estudioan grabatu du 2013ko irailean Jonan Ordorika soinu teknikariaren gidaritzapean. Estudioan ondoko musikariekin aritu da: Luis Fernandez (biolontxeloa) eta Jexux Aranburu (organoa).
Tximelari dagokionez, “(…) hamabost urtekin hasi zen tailer mekanikoetan lanean eta lagunartean bertsoak moldatzen. Zaletasun handia zeukan. Altxamendu faxista hasi orduko sartu zen erresistentzian (1936, uztaila). Gero Eusko Gudarostean enrolatu zen, Loiola batailoian aurrena (..). Hogeita bi urte zituela egin zuten kapitain, izardun gazteenetakoa bihurturik”. Gero Dueson espetxeratu zuten, eta bertan hasi zen idazten: “(…)alerta bat gizarteari edo geroari, salaketa garratza, sufrimenduaren lekukotza”.
Diskoa dendetan izango salgai, baita josebatapia.com webgunearen bitartez ere.
Imanol Urbietaren kantak
Imanol Urbieta zarauztarraren 13 kantu moldatu dituzte Euskal Herriko makina bat artistek Bakarrik eta libre. Imanol Urbietaren kantak izenburuko bilduman: Eñaut Elorrieta, Petti, Split 77 + Aiora Renteria, Joseba Irazoki, Pariak Bai, Su ta Gar, Anari eta Ningininginiak, Fermin Muguruza, Mursego, eta Matxura, besteak beste. Egitasmoa Mikel Kazalis musikari eta teknikariak zuzendu du.
Zarauzko Udalak sustatu duen disko honen bidez, musikari zarauztarra omendu nahi izan dute: “50eko hamarkadan Irrintzi taldean sartu eta herriko antzerki eta dantza saioetan parte hartzen hasi zenetik, langile nekaezina izan da Imanol Urbieta: Euskal Jaien antolakuntzan, abesbatza eta musika talde askoren sorreran eta zuzendaritzan, haur kantarien mugimendua abiarazten, Zarauzko ikastolaren lehen urteetan, eta Xirula Mirula musika eskolen sorreran, zenbait herritan”.



