
Gotzon Barandiaranek (Larrabetzu, 1974) Gidariaren okerra (Susa) bere bigarren nobela aurkeztu du gaur, Donostian. Liburuak bahiketa baten istorioa biltzen du. Gertaera horren bidez, baina, egileak egiaren eta egia kontatzearen eta jakitearen inguruko gogoeta azaleratzen du.
Susa argitaletxearen arabera, “bahiketa baten istorioa da hau, burua galtzeko zorian dagoen taxista batek antolatua, konplize dituela bere iloba lehenik eta diru premiaz dabilen argazkilari bat gero. Bilbora datorren ikerlaria atzeman, balio bereziko informazio medikoa erauzi eta akabo”.
Hala, 125 orrialdetan, tramak, eta trama horren atzean gordetzen diren egia, gezur eta sekretuek, aurrera egingo dute, batez ere, hiru pertsonaien arteko elkarrizketa siku eta zorrotzen bidez. Gaixotasunek ere funtsezko papera betetzen dute, itxuraz, genero beltzekoa den nobela labur honetan.
Egia eta egiaren inguruko hausnarketak ageri dira etengabe narrazioan. “Baina zer gertatu zen benetan? Argazkilaria ez dago seguru. Saiatzen da memorian dauzkanak kontakizun koherente batera ekartzen, nahiz eta bahiketako kideen amarruek eta sekretuek nahasgarri bihurtzen dituzten egiak eta gezurrak, errealitatea eta irudipenak”.
Barandiaranek orain arte bi poesia liburu, Arrakalak (2004) eta Katamalo (2007), eta eleberri bat argitaratu ditu, Errotik (2010).