EZLEKUBAT

Erakusketa labean, artea pil-pilean

Azkenengo hamarkadetan Hegoaldean lehiaketa arkitektonikoa eta aurrekontu lehiaketa bizi izan ditugu, guztiak ontzirik deigarrienaren bila zeudela zirudien. Upeltegiak, museoak eta kongresu jauregiak loratu dira orube esklusiboenetan. Handiak, estranbotikoak, modernoak eta abangoardiakoak. Eraikin horietan sartzerakoan, gu ere moderno eta abangoardiako bilakatuko ginen sentsazioa izaten genuen. Barruan argazkirik ezin egitea jada ez zitzaigun inporta, kanpokoa baitzen norberaren bizipen artistikoaren testigantza ematen ziguna. Hasieran ez zitzaizkigun gustatzen. Bilbon bizi nintzen Guggenheimen itxurari buruzko lehiaketa antolatu zenean. “Ostikadaka deformatutako hozkailuaren kutxak” irabazi zuen. Gero ohitu ginen, paletoak ez ote ginen konplexua sartu zitzaigulako. Edonola, inoiz ez genuen ulertu egileek behin eta berriz aipatzen zuten eraikinek lekua eta testuinguruarekiko zuten ustezko sinbiosi hura. Edukiak eta ontziak mendeetako harremana apurtu zuten eta bide paraleloak egiteari ekin zioten. Emaitza ezberdinekin, dibergentzia honek ikusleoi ezusterako ateak ireki dizkigu. Larunbatean, Iruñeko Gotorlekutik paseatzen ari nintzela bertako labe zaharrean sartu nintzen adreiluzko kupula ikusteko asmoz (kupulak liluragarriak iruditzen zaizkit) eta erakusketa batekin egin nuen topo.

“Desio bat oroitzapena, eta guztia, harea mugikorrak”, Zangozako Eduardo Cordoba Oronoz eskultorearena. Guztira, 9 eskultura, egurrean eta akrilikoan, labea inguratzen dute, kupularen erdira doan koloreetako masta erraldoiari protagonismoa utziz. Kolore biziek adreilu gorrixkekin egiten dute talka eta bero arinaren sentsazioa transmititzen dute. Argiak irudien bazterrak marrazten ditu eta eskulturen izenek oroimenak ekartzen dizkigute burura. Prousten magdalenaren antzera, historia zaharrak berritzen ditu denboran bidaiatzeko era berriak asmatuz. Dena da oroimena: espiral baten gisa, erakusgelan airean dagoen pieza higikorraren berdina, labearen hormei eusten dieten zutabe ikusezinen antzera.

Herriek ibilbidea egiten dute beraien oroimen historikotik abiatuta; noizean behin bere oroimen historikotik bizirik irteten dira. Oroimenak herriak eta gizakiak oraingoaren lurrunkortasun eta ezkortasunetik salbatzen ditu, zapaltzen dugun lurrera hurbiltzen gaitu eta errealitatearen norabide guztiak erakusten dizkigu. Arteak pentsamenduen arteko zubiak eraikitzen ditu, uneak amaigabeko bilakatuz. Historiak lerro zuzenean ibiltzen dela sinestarazi nahi digu. Arteak bere kurbetan errekreatzen da, itzalei argia ematen die eta dimentsio berriak sortzen ditu.


“Desio bat oroitzapena da”, “Betiereko itzulera”, “Desiratzen dugun horrek biziarazi egiten gaitu”, “Historia eta memoria”, hauek lan batzuen izenen adibideak. Ebokatzaileak bezain lurrekoak. Artistak, nahiz eta bere lanari buruz hitz egitea gustukoa ez izan,  ondorengo hitzak idatzita utzi ditu eta, nekez bada ere, batzuetan ontzia, edukia eta testuinguruaren arteko sinbiosia lortzea posiblea dela erakutsi digu “Eraikuntza honek, labe honek, bertako isiltasunak, bertako energia eta tentsioek barne-begirada eragiten dute. Bizileku honetan gaude gure oroitzapen, memoria, amets eta desioekin ondurik”.

Polita izan da ezustea. Gotorlekutik paseatzera etorrita, milaka paseo egiteke ditudan pentsamenduarekin itzuli naiz etxera.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Back to top button