
Zornotza Arte eta Kultura Elkarteak (SACZ) antolatuta, Enrike Renteria pintura lehiaketaren XIX. edizioa gauzatuko da asteburu honetan (uztailak 10) Amorebieta-Etxanon. Lehiaketan parte hartzeko bi era daude: aire librean egiten den txapelketa, eta Zintzilik, herriko balkoietan ikusgai dauden lanik onenak saritzen dituena.
Ekimena Amorebietako hirigunean eta Etxanoko gune historikoan burutuko da. Partaideek Zelaieta zentroan zigilatuko dituzte oihalak goizeko 9:00etatik 11:00etara, eta arratsaldeko 16:00etatik 17:00etara bitartean entregatuko dituzte lanak. Lehiakide bakoitzak lan bakarra aurkeztu ahalko du, eta teknika eta neurriak libreak izango dira. Epaimahaiak 18:00etan jakinaraziko du zein den epaia.
Guztira, zazpi lan sarituko dira. Lehenengo saria 500 eurokoa izango da; bigarrena, 400 eurokoa; hirugarrena, 350 eurokoa, eta laugarrena, bosgarrena eta seigarrena, 300 eurokoak. Saririk gabeko herriko margolaririk onenarentzako accesita ere izango da, 200 eurokoa.
Lan saridun guztiak antolatzaileen esku geratuko dira eta uztailaren amaierara arte ikusgai jarriko dira Zelaieta zentroko erakusketa-gelan.
Zintzilik atalaren barruan, herriko balkoietan ikusgai dauden lanik onenak zeintzuk diren igandean jakinaraziko da, 18:00etan. Parte hartzaileen artean lau sari banatuko dira: 400 euroko lehenengo saria, 300 euroko bigarren saria, 200 euroko hirugarren saria eta herritar batek egindako lanik onenaren saria, hori ere 200 eurokoa.