Aste honetan, azaroaren 25etik 30era bitartean, Zallan, Enkarzine Nazioarteko Film Laburren Lehiaketaren 43. edizioa egiten ari dira. Egunero emanaldiak izaten dira, 19:00etan hasita.
Guztira, 500 lan baino gehiagok parte hartu dute 2024an, eta guztien artean aukeraketa bat egin ostean, 44 film labur proiektatzen ari dira bertako zine-antzokian. Kanpotik etorritako filmak (Frantzia, Belgika, Turkia, Kolonbia, Espainia, Peru,…) eta Euskal Herrikoak bildu dira lehiaketarako.
Azpimarratzekoa da ostegunean, hilak 28, aukeratutako film laburrak publiko guztientzat gomendatuta egongo direla. Zazpigarren urtez jarraian egiten den ekimen honek gero eta ikusle gehiago hurbildu nahi ditu jaialdira.
Amaiera ekitaldia azaroaren 30ean, izango da, 19:00etan, Zalla zine-antzokian. Bertan, film labur saridunak aurkeztuko dira eta sariak banatuko dira.
Aurten, Enkarzinek 2.650€-ko saria izango du, kategoria hauetan banatuta: Lehiaketako Film Labur Onena, Argumentuzko Film Labur Onena, Dokumental Labur Onena, Animaziozko Film Labur Onena eta Publikoaren Sari Berezia. Aurten, EiTBren lankidetzari esker, Gazte Epaimahaiaren EiTB Saria ezarri da lehen aldiz, Enkarterriko 5 neskek eta mutil batek erabakita.
Egunez eguneko egitaraua hemen kontsultatu ahal duzue.