
Iruñeko Udalak Nafar Ateneoarekin elkarlanean antolatutako Iruña Hiria Nazioarteko Poesia Sarien irabazleak ezagutzera eman dira. Iñigo Satrústegi Andrések irabazi du euskarazko modalitatean Hondarreko berorik geratzen bada lanagatik. Gaztelaniazko modalitatean, Juan Marqués Martínek irabazi du saria, El mar y los demás lanagatik. Saridunek 3.000 euro eskuratu dituzte eta poema-bildumak argitaratuko dituzte.
Iñigo Satrustegi Andrés (Iruña, 1997) itzulpengintza eta Interpretazioan graduatua da, eta hizkuntzekin eta kulturarekin lotutako askotariko lanetan aritu da, bai profesionalki, bai bere ekimenez: besteak beste, itzultzaile gisa aritu da, hainbat komunikabiderekin kolaboratu du, eta kultur ekimen herrikoietan parte hartu du. Gaur egun argitalpenaren munduan dago murgilduta.
Euskaraz aurkeztu diren 18 poema-bildumak aztertzeko Joseba Esparza Gorraiz aurreko edizioaren irabazleak, Unai Pascual Loyarte Denonartean argitaletxeko editorea eta Inés Castilla Imaz Nafar Ateneoko Euskara-batzordeko kide eta epaimahaiaren idazkaria bildu dira.