
Gaur, Iruñeko Planetarioan, 19:30ean, Garai hura gara ikuskizuna eskainiko dute Andoni Egaña eta Xabier Lizaso bikoteak.
Bertan musika, bertsoak eta zenbait anekdota uztartuko dituzte, eta batez ere, XVIII. eta XIX. mendeetako giroaz jabetuko dira entzuleak; izan ere, garai haiek nola bizi ziren Europan, Euskal Herrian, Gipuzkoan edo Amezketan azalduko dute musika eta bertsoen bidez.
Xabier Lizasok pianoarekin Larrañaga, Gamarra eta Osinaga musikagileen lanak, edota Peñafloridako Kondearen hainbat obra eskainiko ditu. Egaña bertsolari ezagunak, bertsogintzan murgilduko da Fernando Amezketarraren lana gogora ekartzeko.
Lizasok eta Egañak elkarlanean egiten duten lehen lana Bi arreba ikuskizuna izan da. Garai hura gara ikuskizuna bion elkarrekintzatik sorturiko ikusgarri berria da.



