BESTELAKOAK

Ertz, baratzak eta musika, Beran

Ertz jaialdia martxan jarriko da asteburu honetan Beran. Aurten, jaialdiaren garapenaren lekukotasun ezberdinak egongo dira, izan ere, bere asmoak eremu sozialera, ekologikora, edota politikoa zabaldu nahi dira, beti ere kulturaz hausnartzeko.

“ERTZ da, baina ez da jaialdia”, hala diote antolatzaileek; “Gure kultur jarduerari, eta berau kokatzen den errealitateari buruzko hausnarketa gisara, aurten jaialdi izaera galduko du ERTZek bertze zerbait bihurtzeko. Jaialdi izaerak aisialdi hutsarekin duen lotura hautsi eta gure jarduera bertze modu batean ulertzeko gaitasuna da jokoan jarri nahi duguna. Kultura, gure ingurunearekin (soziala, ekologikoa, politikoa…)  ulertzeko beharraz hausnartu nahi dugu, jaialdia  hortarako eredu egokiena ote den edo ez zalantzan jarriz”.

Gaur bertan, Oscar Alegria zinema zuzendariak, eta Iruñeko Punto de Vista jaialdiko zuzendari denak, zinema-gaualdia prestatu du, 22:00etatik aurrera. Bihar, larunbatean, 22:00etan hasita, Züek Heben ikus-entzunezkoa aurkeztuko da (weborrian datarik gabe dagoela adierazten da).

Igandean, goizeko 10:00etan, Baratzeko kantutegia ekimena egongo da: entzunaldia herriko baratzeetan barna, Jakoba Errekondo eta Alex Mendizabalek gidatuta. Ezkilak, lurrazpiko soinuak, barazki dastatzea, landareentzako musika, eta egun horretan ere elkartean bazkari begano-ekologikoa prestatu dute. Eta arratsaldean, asteburuari akabera emateko, Jakoba Errekondoren Bizi Baratzea liburuaren aurkezpena izango da, 17:00etan, Jamotenean.

Dena zehazteko begiratu Ertz jaialdiaren webgunean.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button