
Abi Morganen Lovesong antzezlana Arriaga Antzokian estreinatuko da gaur, abenduaren 18an, 19:30etik aurrera, eta ondoren, Pabellón 6 aretoan izango da abenduaren 19tik urtarrilaren 11ra arte. Sandra Maturanak egokitu eta zuzendu du produkzio berri hau, eta Kepa Alesso, Itziar Lazkano, Felipe Loza eta Itxaso Sanchezek antzezpena egingo dute.
Lovesong maitasunaz eta denboraren joanaz hitz egiten duen istorio bat da. Lan horretan “Maggie eta Billyren bizitza da ardatza, gaztaroko pasiotik hasita, berrogei urte elkarrekin igaro ondoreneko isiltasuna islatzeraino. Maggie eta Billy aste erabakigarri baterako prestatzen ari diren bitartean, iragana eta oraina etengabe nahasten dira, eta aurrez aurre jartzen dituzte haien bertsio gazteenekin, indarrez eztanda egiten duen oroitzapenen dantza batean”.
Sandra Maturana zuzendariaren eskutik “aktoreek gorputzetik abiatuta finkatu dituzte euren antzezpenak, unibertso fisikoago hori mugimenduen eta adierazkortasun koreografiatu baten bidez arakatuz”. Apustu hori eginda eszenaratzen dute Lovesong testua, izaera poetiko handikoa duena.
Piezan jantziek ere berebiziko indarra dute, bai eta horretarako Betitxe Saituak diseinatutako eszenografiak ere. Bertan, garai eta espazio desberdinak elkarrekin bizi diren errealismo magiko hori ahalbidetzen duen multzo bisual bat proposatzen du.
Morganek 2011n idatzi zuen Lovesong, Frantic Assembly antzerki Konpainia prestigiotsuarekin egindako elkarlan baten esparruan. Egileak adineko bikote baten maitasun istorioa kontatu nahi izan zuen, eta horretarako T. S. Elioten La canción de amor hartu zuen inspirazio gisa.



