
Gorka Hermosak eta Iñaki Pinedok zuzendutako Hauspoa & Tunela dokumentala Donostiako Antzoki Zaharrean estreinatuko da bihar, abenduaren 19an, 20:00etan. Aurretik kontzertu labur bat izango da, eta hor bilduko dira Kepa Junkerak eta Joseba Tapia, trikitixa talderik zaharrena (Zumarragako Trikitixa), Enrike Zelaia, Toti Martínez de Lezea, eta beste artista batzuk ere.
Dokumentalak kontatzen du nola iritsi zen 1859an, Madril-Paris trenaren lanekin, akordeoi txiki bat Zumarragara, langile italiar baten (Juan Bautista Busca) eskutik. Harrezkero instrumentu hura bertako panderojole eta koplarien tradizioarekin uztartu zen, eta hor inguruan, lehen trikitixa talde ezaguna sortu zen: Zumarragako Trikitixa, gaur egun ere jardunean jarraitzen duena, eta 1924an trikitixaren lehen diskoa grabatu zuena (Columbia Records argitaletxearekin).
Dokumentaleko irudietan aditu asko agertzen dira testigantzak ematen, tartean, Fermín Muguruza, Bernardo Atxaga, Kepa Junkera, Joseba Tapia, Jon Maia, Toti Martínez de Lezea, Garikoitz Mendizabal, Jon Plazaola, Joseba Apaolaza, eta, nola ez, oraindik ere jardunean den Zumarragako Trikitixako kideena.
Urtarrilaren 27, 28 eta 30ean Madrilgo zine aretoetan (Cines Embajadores), TVEko 24H Kanalean eta Bilbon (Bidebarrieta Kulturgunea) egingo dira aurkezpenak. Gainera, martxoaren 26an, Santanderren proiektatuko da, eta uztailean Pirinioetako PIR jaialdi ospetsuan. Era berean, Argentinar, Kolonbiar eta Asturiasko zinema-jaialdietako sail ofizialetan hautatua izan da, eta datozen hilabeteetan nazioarteko hainbat zinema-jaialditan egingo du bira.



