32 euskal erakundek elkarrekin antolatu dute Emakumeak Zientzian ekimenaren 8. edizioa Gipuzkoan, Bizkaian eta Araban. Edizio honen helburu nagusia da azpimarratzea zientzialari eta teknologoek bizimodu beteko pertsonak izan nahi dutela.
Otsailaren 8tik 16ra bitarteko astean egingo dira Emakumeak Zientzian 2024 ekimeneko jarduerak. 60 ekintza baino gehiagoko programa zabala eta askotarikoa diseinatu dute. Gainera, EAEko hiru lurralde historikoak hartzen ditu lehen aldiz, Arabako hiriburuan egingo baitira aurtengo edizioko zenbait ekintza, “zientzia bada nesken kontua” mezua ahalik eta pertsona gehienei helarazteko.
Horregatik, “deialdi berezi bat egin nahi dugu aurten, eta guztiok gonbidatu nahi zaituztegu ekintzetan parte hartzera, edozein dela ere zuen generoa, nortasuna, lanbidea edo adina”, gaineratu dute Emakumeak Zientzian ekimenaren antolatzaileek.
Jarduera-programa osoa www.emakumeakzientzian.eus webgunean dago.