ARTEA

Kolorearen eta identitatearen galera

Urriaren 15era arte, Zarautzeko Photomuseum aretoan Zura eta Ura erakusketa izango da ikusgai. Proiektu hori “gogoeta koral bat da ontzien eraikuntzan material sintetikoek egurra ordezteak ekarri duen kolorearen eta identitatearen galeraren inguruan”.

Modernitateak, globalizazioak, eraldaketa nabarmenak ekarri ditu, eta hain bistakoa ez den galeraren bat ere bai. Itsas aldean, hamarkada gutxitan, material sintetikoek egurra ordeztu duten neurrian, mendetako itsas arotzeria, ontzigintza eta konpontze-mantentzeari loturiko industria oso bat, ogibide bat, bizimodu bat, desagertu egin dira, isiltasunean, gure begi axolagabeen aurrean.

Zura eta Ura proiektuan, eta argazkietan nabarmenki, zura eta ura dira, hausnarketa honen elementu sortzaileak, ontzi tradizional bat kontzeptualizatzeko elementu minimoak. Baina koloreak eta ehundurak, egurrean ez ezik, burdinan eta harrian ere bizi dira, eta berezko mikro-paisaia zoragarriak osatzen dituzte.

Irudiokin bat eginez bertan agertzen diren letra ederrak Humberto Astibia, Leire Bilbao, Itxaro Borda, Unai Elorriaga, Jesus Mari Lazkano, Anjel Lertxundi, Miren Agur Meabe, Konrado Mugertza, Felipe Murelaga, Jokin de Pedro, Jon Ruigomez, Kirmen Uribe, eta Arantxa Urretabizkaiarenak dira.

Paisaiak eta mikro-paisaiak, Leire Bilbaoren poema intimo eta xamurrean legez: «Kalatxoriak adina jende zebilela oroitzen dut. / Itsasontzi bat porturatzen. / Gorria / aitarena lez. / Herdoila / amaren begiak lez.»

Photomuseumek sustatutako eta Zarauzko Udalak babestutako Aula/Gela kulturaren difusiorako programaren barruan, Konrado Mugertza, Photomuseumean ikusgai dagoen aldi-baterako erakusketaren egilea, izango da hizlari ostiral honetako saioan, 18:00etan.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button