ARTEA

“Emakume Ugari” topaketa artistikoa, Gasteizen

Emakume Ugari Lorena Escala, Iratxe Mencía, Nefer Olaizola, Sofia Velasco, Ariana Ruiz de Azua eta Maider Lasa artistek osatutako topaketa artistikoa da. Artistok aldez aurreko deialdi baten bidez hautatu dira, eta deialdi horretan testu hau agertzen zen: “Edozein egunetan Gasteiztik ibiltzen ari zara, paseo bat emanez. Zeharka, argi-distira bat ikusten duzu, intrigatuta izkina biratzen duzu eta ate distiratsu bat ikusten duzu. Zenbat eta gehiago hurbildu, orduan eta distira handiagoa da. Harengandik zentimetro gutxira zaudenean, ireki egiten da eta beste dimentsio batera eramaten zaitu. Mundu berri hau ezagutzen duzunaren berdin-berdina da, non artea sorreratik emakume artistek bakarrik sortu eta kudeatu duten. Nolakoa izango litzateke, zure ustez, errealitate horren artea?”

Sei artistok bildu dituen erakusketa elkar ezagutzeko eta ezagutarazteko tokia izangoi da, bai eta beste sortzaile batzuekin eta haien lanekin harremanetan jartzeko ere. Beste aldetik, ekimena bera ere, “hirian sortzen ari den emakume artisten sorkuntza bultzatzeko eta proiektu berrien sorrerari emaitza emango dioten sinergiak sortzea ahalbidetzeko modu bat” izango da.

Proiektu honetan lurraldeko artista gazteen lan heterogeneoak eta diziplina anitzekoak hedatzen dira. Erakusketa honetan, Lorena Escala, Nefer Olaizola eta Maider Lasaren ikus-entzunezko lanek Iratxe Menciaren eta Ariana Ruiz de Azuaren margolan eta estanpekin hitz egiten dute, baita Sofia Velascoren argazki eta marrazkiekin ere. Guztira hamaika obra dira, eta horietan emakumearen figurak lotura gisa funtzionatzen du.

Leire Ortiz de Lejarazuk koordinatu du Gasteizeko LABE gazte laborategian, apirilaren 9ra bitartean, ikusgai dagoen erakusketa.

Artistek sorturiko lanak zertan diren jakiteko, egin klik hemen.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button