MUSIKA

Arcade Fire bandaren kontzertua gaur Bilbon

Montrealgo eta Quebeceko musikariek osaturiko pop-rock talde arrakastatsuak Bilbon joko du gaur. Emanaldia Guggenheim Bilbao Museoaren ondoan izango da eta antolatzaileek 7.000 sarrera jarri ditu salgai. Beraz, kontzertuan milaka lagun biltzeko asmoa dute. Kanadarren kontzertua 22:00etan hasiko da, baina aurretik L.A., Lluis Albert Segura katalanaren taldea eta New Yorkeko The Walkmen ariko dira

Arcade Fire estreinakoz izango dira Euskal Herrian. Hortaz, zaleak kontzertua ikusteko irrikan egongo dira. Egia esan, kanadarrek disko borobilak argitaratzeaz gain, sekulako kontzertuak egiten dituzte.

Montrealgo taldea ziurrenik egun entzun eta ikus daitekeen pop talde interesgarrienetarikoa eta arrakastatsuenetarikoa da. Taldea 2002. urtean eratu zen, eta zenbait grabazio plazaratu ostean, 2004 eta 2005 bitartean ikaragarrizko arrakasta erdietsi zuten Funeral izenburuko lana zela medio. Lan horri esker prentsa espezializatuaren laudorioak jaso zituzten, eta harrezkeroztik, ibilbide ospetsua egin dute. Hala, 2007an Neon Bible argitaratu zuten, eta iaz The Suburbs. Oraintsu, lan horretan oinarrituriko dokumentala plazaratu dute Spike Jonze zuzendari ezagunaren laguntzarekin. Tartean, makina bat sari jaso ere dituzte.

Taldea zazpi musikarik osatzen dute eta kutsu epikoa duen pop-rock bikaina jorratzen du. Zuzenean makina bat instrumentu erabiltzen dituzte, tartean, txeloak, biolinak, bi bateria, eta mandolinak. Beti ere, intentsitate handiko emanaldiak gauzatzeko.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button