
Esther Ferrer artista donostiarra eta Tom Johnson konposatzaile minimalista, datorren asteko astelehenean Bilboko Bidebarrietako Liburutegiko ekitaldi aretoan izango dira, sorkuntza artistikoaren eta ikerketa zientifikoaren arteko bizikidetzari buruzko topaketa batean. Ekimena 19:00etan hasiko da.
Elkarrizketak mugan izenburua du Bilboko Udalak eta EHUko Kultura Zientifiko Katedrak, Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzarekin, antolatu duten hitzorduak, eta bere xede nagusia arteen eta zientzien artean elkarrizketarako lekua sortzea da. Horretarako, EHUko Josu Rekalde (Arte Ederrak) eta Raúl Ibáñez (Zientzia eta Teknologia) irakasleak bertaratuko dira. Bi artisten sorkuntza prozesuetan matematikek duten erabilerari buruz hitz egingo dute Ferrerekin eta Johnsonekin.
Esther Ferrer artista aitzindaria da performancearen artean, eta arte mota horrek Estatu osoan duen ordezkari azpimarragarrienetakoa da. Bere ibilbidean sari ugari jaso ditu: Arte Plastikoen Sari Nazionala (2008), Gure Arte Saria (2012) eta Marie Claire de l’Art Contemporain izenekoa (2014).
Tom Johnson musikariari dagokionez, Estatu Batuetako konposatzaile minimalista eta musikaren teorikoa da. Bere konposizioetan forma sinpleak, eskala mugatuak eta matematikako zenbait elementu, simetria, zenbaki edo fraktal erabiltzen ditu. Bere lanen artean azpimarragarriak dira honakoak: La ópera de las cuatro notas (1972) ezaguna, Melodías Racionales (1982) eta Victoires de la musique 2000.