MUSIKA

El Arca de Noelia taldearen estreinako lana kalean da

El Arca de Noelia talde bizkaitarrak Flores secas izenburuko lan aurkeztu du gaur goizean Bilbon. Diskoa Baga-biga euskal diskoetxeak argitaratu du, eta zigiluaren koordinatzaile den Ritxi Aizpuruk adierazi duenez, rock laukote pop zalea da, eta Pretenders taldearekin alderatu du.

Aizpuruz gain, hiru taldekide ere izan dira aurkezpen-ekitaldian: Patricia Zalaya (ahotsa), Javier Rico (baxua) eta Ibai Mingo (gitarra). Laugarren taldekidea Bernardo Vazques bateria jotzailea da, besteak beste, MCD punk taldean jo du. Abeslaria bat etorri da Pretendersen aipamenarekin, “eredua dira; dena dela, taldekide bakoitzak bere gustuak ditu, eta guztiok egiten dugu gure ekarpena”.

“Gutariko bakoitza kasik belaunaldi batekoa da eta horrek musika estilo asko entzutea ahalbidetzen du”, azaldu du baxu jotzaileak. “Rock oinarria daukagu, agian, oraingoan soinu amerikarra gailendu da, baina pop melodia biziak ere funtsezko ezaugarria dira”, gaineratu du.

Taldeak Calle Pop izeneko taldean du bere jatorria eta Zelayak eta Ricok osatzen dute bizkarrezurra. Behin laukotea osatu ostean, Tio Pete estudioetara jo dute eta 11 kantu grabatu Karlos Zubiaga teknikariaren laguntzarekin. Masterizazioaz, berriz, Ibon Larruzea arduratu da.

Oraindik ez dute kontzertu askorik egin, baina diskoaren aitzakiarekin emanaldi gehiago ematea espero dute. “Pop taldearen itxura eman genezake, baina gure zuzenekoak energiaz beteta daude”, azaldu du kantariak. Hasteko, larunbatean, hilak 16, Laudioko Kafe Antzokian izango dira.

Sumision City Blues

Bestalde, gaur, baina Gasteizen, Sumision City Blues rock and roll taldeak bere lehendabiziko lana ere aurkeztu du. Hainbat rock koadriletan ibilitako musikariek osatzen dute egitasmo berria hau: Pela, ahotsa (Obligaciones, Gramones); Anti, gitarra (Obligaciones, Tobacco Road); Joseba, gitarra (Sexty Sexers); Kike Penike, baxua (Apodaka Quartet); eta David, bateria (Los Padrinos, Ajustadores).

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Back to top button