ARTEA

Eibarko oroitzapen industrialak

Jose Ronco argazkilariak Eibarko iragan industriala erakusten duten argazki-erakusketa paratu du Zarauzko Photomuseumen, uztailaren 13ra arte, Tailer-hiria izenburupean.

Fernando Golvanok erakusketaren harira idatzitako testuaren arabera, “Eibarren formak, garai bateko Alfa fabrika bere historiaren eta hiri-bilbearen ikur adierazgarri zuen hiri-tailerra, mugimendu modernoaren arkitekturen monumentu-multzo paregabea; zubi zein bide-egiturek zehaztutako espazio distopikoen irudiak; industria- edo hiri-eremuen eraldaketaren aztarna entropikoa agerian duten terraza eta orubeen harrapaketak; barrualdeko espazioen argazkiak…”.

Hori guztia biltzen du Roncoren obrak, garai bateko industria oparoaren egungo irudi dekadentea, alegia. “Ondare industrialaren eta etorkizunaren bestelako oroimena izan asmo duen munduaren arrasto bilakatzen diren argazkiak”.

Argazkilariaren lanak Alemaniako Objektibotasun Berriaren zuri-beltzeko argazkilaritzatik edaten du: arkitektura isilak, gizakiaren absentzia, arrakalatutako porlana, herdoildutako burdina… finean, oroitzapen eta giro misteriotsuak.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Back to top button