
Doctor Deseo taldeak bere hamahirugarren lana aurkeztu du gaur goizean Bilbon: Al amanecer seguir soñando. Francis Diezek gidatzen duen taldeak ametsak hartu ditu ardatz disko-liburu kolektiboa ontzeko. Izan ere, taldekideek ez ezik, hainbat idazlek eta artista plastikok ere parte hartu dute proiektu berezi honetan. Francisek adierazi duenez, diskoak izartuta amestea bilatzen du, “errealitate berriak amesteko asmoz”.
“Hau gure hamahirugarren disko da eta hamahiru zenbakiaren alde egin du apustu”, nabarmendu du Francis abeslariak. Apustu hori dela medio, amets kolektibo batean murgildu dira talde kontzeptua gainditzeko eta zabaltzeko xedearekin. Ideia horretatik tiraka, artista plastikoak, idazleak eta musikariak bildu dira, orain arte egin duten lan ezberdinena egiteko, oraindik Doctor Deseo izaten jarraitzen duen arren. Disko teatralagoa dela azpimarratu du Francisek, beraz, giro horretarako propio egin dute disko hau. “Disko neurritsua da, intentsitate gehiago dago, eta abiadura gutxiago”. Giro horiek lortzeko Jon Pirisen kontrabaxua eta Joe Gonzalezen saxoak ezinbestekoak izan dira.
Horiez gainera, idazleen artean Itziar Ziga Bernardo Atxaga eta Kirmen Uribe daude, besteak beste. Idazleek askatasun osoz aritu dira, baina Chesternonen zita batetik, diskoaren izenburutik eta kantu baten bertso batetik abiatuta.
Artista plastikoei dagokienez, Jesus Mari Lazcano, Ismael Iglesiasen edo Oier Ituarte taldearen soinu teknikariaren lanak jasotzen dira.
Diskoa Mungiako Gaua Estudioan grabatu zen, 2011. urteko abenduaren eta 2012. urteko urtarrila bitarte, eta soinuaz Cesar Echevarri arduratu da. Francisek teknikariaren lana nabarmendu du.
Disko-liburu itxura duen ametsen teatro hau zuzenekoetan ere berezia izango dela esan du abeslariak. Dena dela, ez du gauza handirik aurreratu. Hala, aurreneko kontzertuak antzokietan egingo dituzte, eta uda partean aire librean egiteari ekingo diote. “Kanpoan egingo ditugun emanaldiek udako zine emanaldien itxura izango dute”. Horretarako, Aitor Oñederra animazio zuzendariaren laguntza izango dute. Horretaz gainera, Joe Gonzalez saxo jotzailea eta Virginia Fernandez abeslaria ohiko boskotearekin arituko dira kontzertu guztietan.
Hasteko, ostiralean, Elorrion izango dira; 21ean eta 22an Bilbon, eta 24an Donostian. Madrilera, Sevillara, Mexikora eta Kubara joateko asmoa ere agertu dute azken lan hau aurkezteko.