IKUS-ENTZUN

Ehun film inguru jaso dira Nontzefilmak film laburren lehiaketan

Nontzefilmak Film Laburren Lehiaketa bi ataletan ardazten da: fikzioa eta animazioa. Bigarren horretan, gainera, animazio teknika guztiak onartzen dira. Lehiaketa sarean gauzatzen da, eta FANT Bilboko Zinemaldi Fantastikoarekin egitarauan ere parte hartzen du.

Orain arte 100 film inguru jaso dira (ekimenean parte hartzeko epea ostiralean hilak 25, amaituko da). Lan horiek 50 egilek egin dute, gehienak Estatukoak (50), Euskal Herrikoak (10) eta nazioartekoak (5). Iazko lehiaketarekin alderatuz, euskal egileen partaidetzak behera egin du. 2009an, izan ere, euskal zinemagileen partaidetza handia izan zen eta sari nagusi guztiak euskal zinemagileek jaso zituzten, bat izan ezik.

Horretaz gain, aurtengo filmen kalitatea ez da iazkoa bezain ona izan, orain arte behintzat. Antolatzaileon aburuz, krisi ekonomikoak lanen kalitatean eragina izan dezake, film laburren ekoizpenak, sarritan, gastu nabarmenak ekar baititzake.

Lehiaketaren irabazleak FANT Bilboko Zinemaldi Fantastikoaren egitarauaren baitan iragarriko dira. Egun horretan, gainera, -data zehatza oraindik zehazteke dago-, lan onenak ere proiektatuko dira. FANT jaialdia maiatzaren lehenengo astean egingo da.

Bestalde, Nontzeberri.com webguneak laster webgune berria sareratuko du. Urrats berri hori sustatzeko asmoz, Nontzespot iragarki lehiaketa abiatu du aurtengo Nontzefilmak film laburren lehiaketarekin batera. Hala, xede horretarako propio egin den lehiaketaren atalean zazpi spot jaso dira.

Iragarki horiek eta orain arte jasotako filmak hemen ikus daitezke.

Nontzeberri

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Back to top button