MUSIKA

“Gure Bazterrak” jaialdia egingo da larunbatean Orion

Larunbatean, azaroak 28, Gure Bazterrak jaialdia egingo da Orioko Karela Kiroldegian, 19:30etik aurrera. Antolatzaileek kartel heterogeneo interesgarria ondu dute: El_Txef_A, Joe La Reina, Joseba B Lenoir Gang, Ghost Number & His Tipsy Gipsies eta Bi Bala.

El_Txef_A goitizenaren atzean, Aitor Etxebarria Bilbao musikari elektronikoa dago. Mundu guztian ezaguna, hiri garrantzitsuenetako klubetan aritu da bere elektronika zabaltzen. Horretaz gainera, hainbat disko argitaratu ditu, azkena, 2014an, We Walked Home Together. Aurten, baina, hainbat maxi eta erremix ere plazaratu ditu: We Walked Home Together (Remix Pack I eta II) maxiak eta For Terence McKenna binilozko hamar hazbetekoa.

Joe La Reina indie-pop taldea donostiarrak Madrileko Subtefuge diskoetxe prestigiotsuarekin plazaratzen ditu bere diskoak: Change Of Masks disko laburra, 2012an eta Bailamos por Miedo iraupen luzeko grabazioa, 2014an.

Joseba Baleztena edo Joseba B Lenoir (gitarrak eta ahots nagusia) buru duen egitasmoa da Joseba B. Lenoir Gang. Berako musikariarekin batera, hauexek aritzen dira agertokian: Felix Buff (bateria) eta Xan Bidegain (baxua eta perkusioa), eta Napoka Iria taldeko Miren Narbaiza (gitarra elektriko eta akustikoak, ahotsak eta perkusioa) eta Ander Mujika (gitarra eta ahotsak). Iragan martxoan abiatu zuen proiektua Josebak, eta harrezkeroztik, jo eta su ari da banda zuzenekoetan, oraindik diskorik argitaratu ez duten arren.

Ataun eta Orioko musikariek osatutako bertso-rock egitasmoa da Bi Bala. Iaz, Wasabi izenburuko estreinako lana argitaratu zuen, eta oraintsu, halaber, Gure eroyak argitaratu du.  “Bertso musikatuekin   zerikusia duen proiektu honen muina hitzak dira. (…) Jasoko ote du euskal gizarte postmodernoak bertsolari rockero hauen enbata?”.

Ghost Number & His Tipsy Gipsies Donostiako talde gaztea da, eta AEBetan sustraitutako estilo zaharrak jorratzen dituzte: Bluegrass, country, swing…

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button