IKUS-ENTZUN

Egunotan “Ainarak” filma ikusteko abagunea

Zaraitzu, Erronkari, Anso eta Echo ibarretako milaka emakumek Pirinioak oinez zeharkatzen zituzten Maulera (Zuberoa) iritsi eta espartingintzan aritzeko. Espartin-fabriketan lan egiteko bidaiatu zuten 1870tik 1940ra, eta emakume horiek, askotan 12 urtetik beherakoak, familia eta herria utzi eta lanera joaten ziren, diru pixka bat irabazteko.
Urriaren 7an abiatzen ziren, Arrosario egunean, eta udaberriko elurrak urtu arte ez ziren itzultzen. Urtaroei lotutako migrazioa delako eta beltzez jantzita joateagatik ainarak esaten zitzaien.

Arrazoi ekonomikoengatik egindako genero-migrazio masiboa eta urtaroei lotuta egindakoa da Ainarak filmaren gakoa. Marga Gutierrezen gidoiarekin, Juan San Martinek eta Ritxi Lizartzak zuzendu dute Ainarak filma (Maluta Films).
Anne Etchegoyen da filmaren gidari eta protagonista, eta baita jatorrizko musikaren egilea ere. Quim Torrens aritu da argazki-zuzendari lanetan, eta Ritxi Lizartza eta Rosa García ekoizle-eragileak izan dira.

Euskal Herriko geografia zeharkatzen ari da proiektu zinematografiko hori, eta egunotan hainbat tokitan ikusi ahalko da: gaur, hilak 19, 20:15ean, Zornotza aretoan izango da ikusgai. Igandean, 22an, Orion ikusteko aukera galanta egongo da, Anne Etchegoyenek kontzertu eskainiko baitu gero.
Azkenik, datorren astean, 24, 25 eta 26an, Arrasate, Hernani eta Amasa-Villabona herrietara joango da, hurrenez hurren.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button