
Martxoaren 26an, Bilboko Arriaga Antzokian, eta Loraldia Festibalak propio eskatuta, Zarauzko Lou Topet taldeak eta Harkaitz Cano idazle donostiarrak Pete Seeger (1919-2014) musikari estatubatuarraren kantutegia euskarara moldatua aurkeztuko dute.
Lou Topet eta Canok iaz argitaratutako Abesti bat gutxiago disko-liburutik tiraka (lan hark AEBetako hainbat musikariren kantuak biltzen zituen euskarara ekarriak), Loraldiak Pete Seegerren inguruko ikuskizun bat egiteko eskatu zien taldeari eta idazleari, estatubatuarra omentzeko asmoz, euskal kantarien artean eragin handi izan baitzen; aipatu diskoan, hain justu, Pete Seegerren kantu bat jasotzen zen, Loreak non dira.
Hori dela-eta, Oier Aranzabal Lou Topeteko musikariaren hitzetan, Loraldia jaialdirako propio eginiko ikuskizuna diskoaren haren “epilogoa” da. “Proiektua ixteko aukera ematen digu, bai eta aurrera begiratzeko ere”.
Abesti bat gutxiago disko-liburuan Rafa Ruedak ere parte hartu zuen, eta gaur diskoaren aurkezpen-ekitaldian ere izan da, Harkaitz Canorekin batera. Idazle donostiarrak, beste artista batzuen bidez ezagutu zituen Seegerren kantuak, tartean, Bruce Springsteen eta Johnny Cashen bidez.
Hortaz, “ondare partekatutzat” jo du estatubatuarraren errepertorioa. Seegerren hitzak garaiotara ekartzea erronka izan da Canorentzat. “Garai idealizatu baten eginak dira, naif kutsukoak, balio tradizionalak zabaltzen dituztenak, beraz, erronka izan da egungo garai zinikootara moldatzea”. Finean, bere lana garai hura gure testuinguruarekin uztartzea izan da, Seegerren esentzia errespetatuz.
Martxoaren 26an egingo duten aurkezpenean, gainera, hainbat musikarik parte hartuko dute: Aiora Rementeria, Anje Duhalde, Eñait Elorrieta, King Konsul, Joseba Irazoki eta Izaro. Horrekin batera, Lou Topetek EP berezi bat ondu du propio emanaldirako, Pete Seeger gogoan: 300 ale izango dira, “eskuz eginak”, lau kantu berri bilduko ditu, bai eta aipatutako Seegerren Loreak non dira abestia ere.