
Datorren ostiralean, otsailak 24, 20:00etan, Kulunka Teatro konpainiak Edith Piaf. Taxidermia de un Gorrión izeneko antzezlana aurkeztuko du Kurtzio Kultur Etxean.
Garbiñe Insausti hernaniarrak eta Jose Dault zaragozarrak osatzen dute Kulunka Teatro konpainia, eta beti egiten dituzte lan oso bereziak. Talde horrena ere bada André eta Dorine antzezlan ikusgarria. Obra horrek Alzheimer gaitza du ardatz. Bikote edadetu berezia da protagonista, eta istorio guztia saloi batean gertatzen da. Idazteko makina baten teklak eta biolontxelo baten notak entzuten dira. Egunerokotasunak eragindako asperdura pairatzen ari da bikotea. Aspaldiko elkarrenganako grina, egun axolagabetasun eta eztabaidagai bihurtu da.
Lan bikain honek dagoeneko pare bat sari irabazi ditu: 2011ko Birmingham festibalean antzezlan onenari eta dramaturgia onenari sariak eskuratu zituen; 2011ko urrian burututako Huescako antzerki eta dantzaren 25. nazioarteko azokan ikuskizun onena sarirako finalista izan da. Ordutik hona, nazioartean ibili da: Turkian, Nepalen, Dominikar Errepublikan, Ekuadorren, Kolonbian, Argentinan, eta AEBetan
Orain, Kulunka Teatro konpainiak Edith Piaf. Taxidermia de un Gorrión izeneko antzezlana egiten ari da. Obrak gizakiaren jatorria eta mitoak sortzeko beharra aztertzen du. Hiru aktoreen, pertsonaia gutxi batzuren, antzezleen ahotsen eta zuzeneko musikaren bitartez, Edith Piafen bizi-ibilbidea eta ibilbide profesioanalaren sentsazio eta sentimenduak erakutsiko dira. Ikus-entzuleak giza-sinesmen, erlijio eta berezko izadian murgilduko dira.