
Juan Kruz Igerabidek Breda Smolnikar idazlearen Han goian urkiak hostoberritzen direnean (Alberdania) izeneko lana euskarara itzuli du. Lan horrek argia ikusi dun egunotan.
Lehen Mundu Gerraren aurreko urteetan, Eslovenia, Europako beste herrialde asko bezala, Estatu Batuak, Agindutako Lur berria, helburu duen migrazio masibo batean odolusten ari da. Rozina, emakume bizi eta aktiboa, laster senarra izango duen Brinovc herrikidearekin batera, etorkizun hobe baten bila Atlantikoa zeharkatu zuten itsasontzi ugarietako batean doa. Gizarte ezezagun eta arrotz batean, Rozinak, grinatsu eta ekintzaile, mehatxuak aukera bihurtzeko berezko gaitasuna erakutsiko du, eta horrela lortuko du, adibidez, patarra egiteko eta saltzeko negozio oparo bat aurrera ateratzea, Lege Lehor betean. Gerren arteko garaian, bikoteak, alaba txikia Estatu Batuetan utzita, Europara itzultzea erabakitzen du, han negozioekin jarraitzeko aukera hobeak ikusten baitituzte. Bigarren Mundu Gerraren eztandak Amerikara itzultzeko edozein aukera ukatuko die, eta Rozinak hamaika arrisku eta mehatxuri aurre egin beharko die, harik eta, senarra hil ondoren, azkenean Estatu Batuetara itzuli ahal izango den arte. Han gogor arituko da berriz ere bere familiakoak pobreziatik libratzeko ahaleginean.
Igerabideren ikuspuntutik: “Esloveniar idazlea da Breda, eta esloveniar emakume baten istorioa kontatzen du. Rozina. Zerbait baldin bada Rozina ausarta eta bizkorra da. Eta diruzalea, betiere bere familiaren ongizatean pentsatuz. Protagonista nagusia eta familia ezagutuak zituen Bredak, eta kontakizunean adierazi zituen sekretuek epaiketak eta guzti ekarri zizkioten. Urte luzeen ondoren, Bredari eman zioten arrazoi epaileek, eta nobelak bigarren bizialdi bat abiatu zuen.”