BESTELAKOAK

Durangoko Azokan dena dago prest

Abenduaren 5etik 8ra garatuko den 59. Durangoko Azokako kideek egitaraua aurkeztu dute, eta makina bat datu eman dituzte.

Hala, Landako Gunean 274 erakusmahai ipiniko dituzte 153 partaideren artean, 933 kultur nobedade egongo dira kulturazaleek hartzeko eta emateko, eta 200  ekitaldi inguru programatu dira lan berriak aurkezteko.

Eman dituzten bestelako xehetasunak gaika sailkatu dituzte, eta hala, Talaian Euskaraldiaren kantua emango da ezagutzera. Urtero lez, Euskadi Literatura saridunekin solasaldia egingo da. Gainera, EITBrekin lankidetzan sortu den BaDAbil bideopodcast-aren azken saioa, azokako azken egunean bertatik bertara grabatuko da, jendaurrean; Museoan, Nestor Basterretxeari buruzko erakusketa egongo da ikusgai, eta Basterretxeari omenaldia ere egingo zaio abenduaren 7an, Landako Guneko areto nagusian; Ahotsenean 50 liburu eta 34 musika lan aurkeztuko dira; Irudienean 40 lan eskainiko dira, eta bereziki umeentzat hainbat lan egongo dira, eta Itoiz, udako sesioak dokumentalaren teaserra ere aurkeztuko dute egileek; Kabian AppaHi! aplikazioa aurkeztuko da, eta tailerrak, jokoak eta solasaldiak ere egongo dira; Saguganbaran haurrei eskainitako 25 ekitaldi programatu dira; Szenatokian hamar konpainiak pieza laburrak eskainiko dituzte, eta dantza eta bakarrizketak ere izango dira.

Eta horretaz gain mila kontu gehiago izango dira gozagarri Durangoko Azokan.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Back to top button