BESTELAKOAK

Durangoko Azokak eztanda egingo du aurten

Durangoko Azoka abenduaren 7tik 11ra antolatuko da, eta 930 nobedade eta 250 kultur ekitaldi baino gehiago bilduko ditu aurten, eztanDA! lemapean.

Zenbakiei erreparatuz gero, 176 partehartzaile izango dira Landakon, eta 689 liburu, 141 musika-produktu, 46 aldizkari eta 54 bestelakoak (ikus-entzunezkoak, papergintza eta abar) zabalduko dira stand guztietan.

Durangoko Azokak abenduaren 7an irekiko ditu bere ateak, eta bi urteko etenaldiaren ostean, milaka ikasle izango ditugu Landako gunean. Guztira, 1500 ikaslerentzako tailerrak antolatu ditu Azokak eta lehenengo aldiz hezitzaileentzat ere eskaintza egongo da. Aurtengo beste berritasun bat abenduaren 9an antolatu da. Egun horretan ospatuko da Gazte eztanDA!, eta egunean zehar Azokako gune guztietan hamaika kultur ekitaldi egongo badira ere, Azokak hainbat jarduera berezi antolatu ditu gazteei begira.

Betiko legez, mila ekimen bilduko ditu espazio bakoitzak, eta han, bertako arduradunek espazio bakoitzean egongo den egitaraua azaldu dute: Martxel Zubia (Saguganbara), Johana Olabarria (Irudienea), Arantza Arrazola (Szenatokia), Miren Narbaiza (Ahotsenea), Diana Franco (Kabi@) eta Izaskun Ellakuriaga (Talaia).
Adibidez, Irudienean Euskal Herri osoko ikus-entzunezko lanak ezagutzeko aukera egongo da. Guztira, 24 film luze, 15 film labur, webserie bat eta podkast bat aurkeztuko dira.
Szenatokia arte eszenikoei lotuta egongo da beste urte batez, San Agustin Kulturgunean. Aurten pieza laburren erakusketa egongo da. Abenduaren 8tik 11ra 12 talde arituko dira.
Eta nola ez, Ahotsenea sortzaileen gunea izango da beste urte batez, eta Plateruenako oholtzara 47 talde igoko dira euren azken lanak aurkeztera. Solasaldien gunea Musika Eskolan egongo da aurten ere, eta bertan aurkeztuko dira eleberriak, poesia-liburuak, antzerki-bildumak… Sortzaileen artean, Katixa Agirre, Unai Iturriaga, Harkaitz Cano, Anari Alberdi, Anjel Lertxundi, Iban Zaldua, Miren Azkarate edota Andoni Urzelai izango dira bertan..

Baina aurten azokak eztanda egingo du hurrengo egunetan ere, izan ere, berau amaitzen denean, abenduaren 12tik aurrera, Zu non, han DA! proiektua hasiko da, eta Azokan salgai egon diren hainbat nobedade Euskal Herriko liburu-dendatan eskuratu ahal izango dira. Guztira, 132 saltokik parte hartuko dute proiektu honetan, eta sortzaileek (Jon Arretxe, Goiatz Labandibar, Jakoba Errekondo, Lizar Begoña, Joseba Sarrionandia, Arantxa Urretabizkaia, Aritz Galarraga, Nerea Ibarzabal…) euren lanen aurkezpenak egingo dituzte liburu-dendatan.

www.durangokoazoka.eus webgunean duzue informazio xehea.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button