LITERATURA

Banatu dira Azkue Literatura Sariak

2022ko Resurrección María Azkue Literatura sariak banatu dira, eta epaimahaikideek adierazi duten moduan: lan bizi-biziak eta osoa helduak izan dira. Guztira 463 lan aurkeztu dira deialdi  honetan.

Akademiak eta BBK-k 1991tik antolatzen dituzten sari hauek idazle gazteak literatura mundura erakartzea dute helburu nagusi. Bi genero saritzen dira Azkue sarietan: narrazioa eta poesia. Genero bakoitzak bi maila ditu: A maila (10 eta 13 urte bitarteko gazteentzat); eta B maila (14 eta 17 urte bitartekoentzat).

A mailan (10 eta 13 urte bitarteko gazteen saila) Noa Martínez -narrazioan- eta Leire García de Vicuña -poesian- gailendu dira; B mailan (14 eta 17 urte bitartekoak) Nahia Iturbe izan da irabazlea narrazioan eta Iraide Mitxelena poesian. Hauexek izan dira aurtengo epaimahaikideak: A mailan: Miren Billelabeitia, Igone Etxebarria eta Manu Lopez Gaseni. Eta B mailan: Yolanda Arrieta, Amaia Jauregizar eta Patxi Zubizarreta.
Aurten ere, Oiartzungo Haurtzaro ikastola izan da lanik gehien aurkeztu duen ikastetxea, eta sari berezia jaso du horregatik.

Urtero lez, Andres Urrutiak irabazleak zoriondu ditu, eta eskatu die zaletasunari eusteko, euskara eta literaturaren mesedetan: “Jarraitu literaturaren aukerak jorratzen, gogoz eta grinaz, jarraitu euskararen baliabide literario eta linguistikoak erabiltzen zuen formazio-prozesuan, eta, nola ez, ekin eta jarrai euskararen erabilera sustatzen”.

Hona hemen azken ohar interesgarria: “Resurrección María Azkue saria, berez, 1975ean sortu zuen Bilbao Aurrezki Kutxak eleberri, olerki eta saio modalitateetan, eta 1990 arte iraun zuen. Urte haietan, ez zen gaztetxoentzako saria izan, helduentzakoa baizik, eta gaur egun oso ezagunak ditugun hainbat idazle eta ikertzailek jaso zuten saria. Beste horrenbeste gertatu da 1991tik aurrera antolatutako sariekin ere; egun ezagunak diren Alaine Agirre, Arkaitz Estiballes, Nagore Amondarain, Irati Goikoetxea, Maialen Zubeldia, Nerea Ibarzabal, Uxue Alberdi edo Urtzi Urrutikoetxea idazle, bertsolari eta kazetariek eskuratu izan dute saria.”

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button