MUSIKA

Drakken, Toil, Unika Alternativa, Yakolev 42, Kaso Mai, Mongol eta Kobane, Errenterian

Drakken, Toil, Unika Alternativa, Yakolev, Kaso Mai, Mongol eta Kobane bandak Errenteriako Niessen aretoan arituko dira ostiralean, 20:00etatik aurrera.  Kontzertua Errenteriako Musika Taldeen Elkartearen 15. Urteurrenaren harira ondu da.

Drakken post-hardcore eta metalcore estiloak jorratzen dituen taldea da. 2007an eratua, bi disko eta maketa bat argitaratu du. Azken diskoa 2013koa da, Jump To The Emptiness; egun, baina, lan berria prestatzen ari dira, 2017an argitaratuko dena, Suntrackers. Lan berri horretan, gipuzkoarrek elektronika eta post-hardcorea uztartuko dituzte.

Toil, berriz, hamabost urteko bidaia musikala bete duen taldea da. Hamar izenburuko lana da haien azken grabazioa.

Unika Alternativa punk-rock taldea da, Errenterian egondako lehenengo fantzinetik hartu dute izena. Taldean, gainera, Basura punk banda mitikoan aritutako musikariek jotzen dute.

Yakolev 42, halaber, Odio, Sutura edo Basura taldeetan ibilitako musikarien egitasmoa berria da. Laster estreinako lana plazaratuko dute.

Kaso Mai gitarra oldarkorren gainean eraikitako proiektua da. Egun hirugarren diskoa prestatzen ari dira, 2017ko udaberrian kaleratuko dena.

Mongol Alexboogievan (gitarra) eta Luigi Fu (bateria) musikariek abiatutako proiektu pisutsua da, doom eta stoner estiloetatik edaten duena, bai eta Led Zeppelin talde handiaren ondaretik ere. Oraintsu, Vol.1 izenburuko EPa plazaratu du bikoteak.

Azkenik, Kobane 1980ko hamarkadako TNT taldean aritutako Txema Marin gitarra eta abeslariaren hard-rock banda da. Talde berria 2015ean eratu zuen Marinek; aurretik, Non Bait bandan ere jo zuen.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Back to top button