IKUS-ENTZUN

Donostiako Zinemaldia Bilboko Azkuna Zentroan

Donostiako Zinemaldiak alfonbra gorria jaso bezain laster, Bilboko Azkuna Zentrora hurbilduko da jaialdiaren glamour zatitxo bat aurten ere. Azkuna Zentroan alfonbra gorririk ez baina zinemazaleek, hala ere, izango dute Donostian estreinatutako zenbait film ikusteko aukera.

Hala, gaur bertan, irailak 26, arratsaldeko 18:30etan, “Suro”, Mikel Gurrea donostiar zuzendariaren luzemetraia saritua proiektatuko da Golem Alhondiga zinema aretoko pantaila handian. Gainera, proiekzioaren aurretik zikloari hasiera emanez, aurkezpen gisara, solasaldi bat egongo da filmeko antzezleekin.

Mikel Gurrea euskal zuzendaria ez da esku hutsik irten Donostiako Zinemalditik. Izan ere, Euskal Zinemaren Irizar Saria eskuratu du donostiarrak bere lehen luze honekin, nahiz eta kritikari askorentzat Sail Ofizialean ere faboritoa izan. Aipatzekoa da ere, Nazioarteko zinema kritikariek ematen duten Fipresci Saria eta Euskal Gidoigileen Elkartearen Saria ere eskuratu zituela filmak.

Zinemaldiaren Bilboko zikloak urriaren 2ra bitarte, hamaika film proiektatuko ditu, besteak beste, “Un beau matin” (Mia Hansen Love, Frantzia); “Peter Von Kant” (François Ozon, Frantzia); “Tori et Lokita” (Jean-Pierre y Luc Dardenne, Belgika-Frantzia); edota “Grand Marin” (Dinara Droukarova, Frantzia). Zuzendari Berriak, Perlak edota Sail Ofizialean aurkeztutako lanak izango dira eta zuzendari ospetsuen nahiz zinemagile berrien lanak  proposatuko ditu aurten egitarauak.  Antolatzaileen esanetan, “praktika zinematografikoa ulertzeko belaunaldi eta modu desberdinak dira”.

Zinemaldiaren Bilboko egitarauak haurrentzako eta familientzako goizeko bi saio ere eskainiko ditu asteburuan, eta bi film-emanaldi larunbat eta igandean.

Sarrerak eta gainontzeko informazio guztia duzue Azkuna Zentroa webgunean.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button