
Donostian Olatu Talka ekimena egituratzen ari dira honezkero, eta bere baitan antolatuko diren hainbat ekimenetan parte hartzeko epea zabalik da dagoeneko. Hala, Brigadak, Huts Uneak, Kontzertour eta Kontxa GauMarket ekimenetan parte hartzeko epea ireki da.
Olatu Talkak aurtengo ekitalditan, “parte hartze eta hiria egite” kontzeptuak bereziki indartzea proposatzen du, “jaialdiaren prozesua bera ere herritarrei ireki eta euren sormena txertatzea bideratuko duten formula berriak garatuz”. Horretarako, artea, komunikazioa eta eraikuntza arloetan banaturik dagoen Brigadak sailean izena emateko aukera dute herritarrek. Adituen gidaritzapeko brigada horietan “euskarri grafikoen diseinua, egitura arinen eraikuntza eta abarri buruzko doako tailerrak” ardaztuko dira, eta hiriko hainbat mikro-egoitzatan edo fabriketan eskainiko dira. Hainbat sormen espaziok (Undermount, M-Etxea, Hirikilabs, Kontadores,…) parte hartuko dute ekimen horretan.
Baina aipaturikoez gain, beste hiru deialdi ere ireki ditu Olatu Talkak: Huts Uneak, Kontzertour eta Kontxa GauMarket. Kontzertour-ean, formatu txikiko kontzertuen zirkuitua antolatuko da; Kontxa GauMarket izenekoan, sortzaile lokalen pop-up merkatua jarriko da Kontxako arkupeetan; eta Huts Uneak delakoan, hirian zehar hutsik eta erabili gabe dauden hainbat lokal komertzialek herritarrek proposatutako erakusketa proiektu artistikoak hartuko dituzte.