
Darabilbo ekimenaren barruan makina bat kontu egiten dira euskara bultzatzeko xedez. Astero egiten diren guztien artean, bat aipatu nahi dugu: Maus, Julen Gabiriak itzulitako lana. (Hitzaldia eskaini behar zuen idazleak, 19:00etan, Basurtuko Udaltegian, baina gaixoturik dabil eta hurrengo baterako utziko du).
Art Spiegelmanek idatzi eta marraztutako Holokaustoari buruzko obra Julen Gabiria bizkaitarrak euskaratu du. Art Spiegelmanen (Estokolmo, 1945) Maus izan zen Pulitzer Saria irabazi zuen lehen komikia. Izugarrizko arrakasta izan zuen, lan gorena eta eztabaidaezina zen bere kultur adierazpenean, eta 1992. urtean Columbia Unibertsitateak –Pulitzerra emateaz arduratzen den erakundea– berau errekonozitzeko erabakia hartu zuen. Orain, 1973 eta 1991 bitartean Raw aldizkarian argitaratutako Holokaustoari buruzko kontakizun biografikoa, euskaraz irakur liteke estreinakoz Astiberri argitaletxearen eskutik, Julen Gabiria bizkaitarraren itzulpenari esker.
Edizio osoak 30 urte pasatxo dauzka, baina inolako dudarik gabe esan daiteke beti-betiko klasiko bat dela, eta klasikoen ezaugarrietako bat da hainbat irakurketa eta analisi egiteko aukera ematen dutela. Honekin ere gauza bera gertatzen da, eta irakurle bakoitzak bere erakargarritasuna aurkituko dio: Bigarren Mundu Gerran juduek bizi izandakoaren lekukotasun zuzena, aita-semeen arteko harremanari buruzko gai eternoa, sorkuntzak hain gai delikatu eta garrantzitsuen aurrean izan dezakeen rolari buruzko gogoeta, marrazkien bidez nola islatu daitekeen ia-ia adierazezina den basakeria bat… Klasiko guztiak bezala, geruza askoko liburua da: zenbat eta irakurraldi gehiago egin, ordura arte konturatu gabeko gauza gehiago aurkitzen dituzu, beti txundigarriak.
“Liburuaren ezaugarriak kontuan hartuta, Itzulpen honi heldu nionean argi nuen lan garrantzitsua izango zela nire ibilbidean. Baina orain beste ikuspuntu batetik ere hitz egin dezaket: soilik hilabete pasatxo darama komikiak kalean, eta dagoeneko itzultzaile gisa jasotzen ari naizenak ez dauka parekorik nire aurreko itzulpen-lanetan jaso dudanarekin: komikiaren kalitateari buruzko iritziez gain, itzulpen-lanari buruzkoak ere jasotzen ari naiz, jendea ikusgarritasuna ematen ari zaio itzulpen-lanari eta prozesuan hartu ditudan zenbait erabakiri, eta hori berria da niretzat, orain arte ohituago bainengoen itzultzaile ikusezinaren rolera. Era berean, babes eta esker on izugarria ari naiz jasotzen itzultzaile eta sortzaile askoren aldetik, eta poz berezia ematen du arlo horietan ari direnen onarpena jasotzeak.”



