IKUS-ENTZUN

Donostiako Kresala zineklubak prest dauka urtarrileko programazioa

Gaur berton, urtarrilak 11, bueltan izango da Donostiako Kresala zineklubak prestatu duen programazioa. Datozen egunotan gainera, saio berezi bat izango da Antzoki Zaharrean.

Esan bezala, programazioa gaur berton abiatuko da Alexandre Koberidze zuzendariaren Ras vkhedavt, rodesac cas vukurebt? (Zer ikusten dugu zerura begiratzen dugunean?)(2021) filmarekin. Lisa eta Giorgik Georgiako Kutaisi hiriko kale batean kasualitatez topo egin eta bat-batean maitemintzen dira, elkarren izena ere jakin gabe. Hurrengo egunerako geratzen dira, aztikeria baten menpe daudela konturatu gabe. Berriz topo egingo al dute?

Ostiralean, urtarrilak 14, The Wind (1928) filma pantailaratuko da, eta Silent Band taldearen zuzeneko musikarekin gainera. Antzoki Zaharrean izango da hitzordua 19:30ean hasita. Letty, Virginia-ko gazte bat, Estatu Batuetako ekialdetik Texaseko zelaietara joaten da bizitzera. Haizea geldiezina da eta hondarra bazter guztietara iristen da. Senitartekoen artean maitatua sentitu ezinik, bere borondatearen aurka ezkondu beharko da.

Datorren asteko asteartean, urtarrilak 18, Robert Bresson zuzendariaren atzera-begirakoak jarraipena izango du, eta Un condamné à mort s’est échappé ou le vent souffle où il veut (1956) filma pantailaratuko dute. 1943ko apirila, II. Mundu Gerra. Fontaine, Frantziako Erresistentzian nazien okupazioaren aurka borrokan dabilen  27 urteko gazte bat, Gestapok atxilotuko du. Fontainek exekutatuta izango den susmoa dauka, eta bere ihesaldia prestatzen hasiko da.

Azkenik, urtarrilaren 25ean, Catarina Vasconcelos zuzendariaren A metamorfose dos pássaros (2020) filma ikusteko aukera izango da.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button