MUSIKA

Donostiako Jazzaldiaren 50. edizioa

Donostiako Antzoki Zaharrean Jazzaldiaren historia kontatzen duen dokumentalaren proiekzioarekin  #jazzaldia50, hasiera eman zitzaion Heineken Jazzaldiari.

Aurtengo 50. edizioarekin, Heineken Jazzaldia estatuko jazz jaialdi antzinakoena da eta Europako urtetsuenen artean dago. Jazzeko izen handi guztiak igaro dira Donostiatik, eta Morgancrea-k egindako dokumentalak (Carlos Rodríguez izan da gidoilari eta zuzendaria) ez du soilik  Jazzaldiaren historia kontatzen, jazz garaikide osoaren historia baizik.

Hortaz, aste honetan (uztailaren 22tik 26ra arte) abiatuko da Donostiako Jazzaldiaren 50. edizioa. Urteurren hori ospatzeko programa ederra ondu dute antolatzaileek.
Hasteko, eta gaur berton, Jamie Cullum piano-jotzaile izango da. Artistak hiru kontzertuko zikloa prestatu du propio Jazzaldirako: “Kursaaleko terrazetan arituko da, lehenik, disc jockey modura; bakarka abestuko du gero, bere pianoa lagun, Kursaaleko Auditorioan; eta, azkenik, Trinitate Enparantzan, bere taldearekin”.

Trinitate Enparantzako kontzertua uztailaren 24an emango du Cullumek. Aurretik, Iñaki Salvador eta Andrzej Olejnicza arituko dira. Trinitateko programa, baina, uztailaren 23an hasiko da, Silvia Perez Cruz eta Zaz artisten emanaldiarekin. 25ean, Dee Dee Bridgewater abeslari estatubatuarra izango da, Irvin Mayfield tronpeta-jotzailearekin batera; aurretik, The New Standard Trio arituko da. Azkenik, 26an, Melody Gardot izango da oholtzan.

Kursaalean, beste lau emanaldi izango dira: 23an, Cullum; 24an, Benny Golson saxo-jotzailea; 25an, Joshua Redman saxofoi-jotzailea eta The Bad Plus hirukoa; eta, amaitzeko, 26an, John Zorn-ek joko du, Bill Laswell baxu-jotzaile eta disko-ekoizlearekin, eta Slayer-en bateria-jotzaile izandako Dave Lombardo kubatarrarekin, Blade Runner Trio izenpean. Donostian baino ez da arituko talde hori.

Informazio guztia: heinekenjazzaldia.com

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Back to top button