ARTEA

Karga misteriotsuen pisuari eusten dioten animaliak

Maiatzaren 22etik uztailaren 30era bitartean, Bilboko Carreras Mugica galerian, Jon Mikel Euba artistak Karga misteriotsuen pisuari eusten dioten animaliak izeneko erakusketa ikusgai jarri du.

Erakusketaren nondik norakoak ezagutzeko, galeriak honako testu interesgarria bidali digu. “Koartada esan izan ohi zaio norbaitek gertakari baten unean beste toki batean zegoela justifikatzeko erabiltzen duen argudioari. Erakusketa bat osatzerakoan, beste balizko toki batean kokatzeko modu teknikoa da koartada; deskokatzea, azkenean bertan agertzeko asmoz. Koartadari esker gertakariak zuzentzen dituena beste bat dela sentitzen duzu, beraz, zuzendaritza horren zerbitzura jartzea da kontua. Erakusketa hau koartadez eratutako sistema baten emaitza da, non zailena aukera amaigabeak (formalak, posizionalak, exekutiboak, erlazionalak) mugatzen dituzten aitzakiak asmatzea izan den. Eta horren ondorioz, borroka berezi ugarik zentzua har dezakete, konbentzio ororen inertzietan ezkutatuta egoten diren hertsadura ugaritatik askatzean.
Haurra nintzela esan zidatenez, garai batean mendi-hegalean ibiltzeko moduko bide bat egin nahi bazen, asto bat pisu handiarekin kargatu eta gailur aldera bidaltzen zuten. Astoak erabat ekonomizatu izan du beti inbertitutako energia eta, ondorioz, malda ahalik eta horizontalenak deskribatuko ditu beti, eta, sigi-sagan, gailurrera eramango du, jasandako kargari dagokionez ahalik eta ahalegin txikiena eginez. Animaliak bidea definitu ondoren, gizakiek erabiltzeko egokitzen zen, zabaldu egiten zen, pista delakoak egiten ziren. (…) Prozesu artistikoan antzera gertatzen da, azkenean forma agertzeko intuitiboki jakiten dugu soilik egitura bat ahalik eta gehienkargatu behar dugula, material Erreal, Ideal eta Bital ugarirekin, horien guztien pisuak eta energia aurrezteko animaliaren premisak, bidea sor dezaten. (…) Prozesu artistikoaren ezaugarria da gu geu garela astoa, hegala, karga, pista eta azenarioa. Aurrekoa betetzen bada, egiturak edo estrategiak forma eman diezaguke, baina inolako formak ez digu zentzua ziurtatzen berez, hau beti beste toki batean egongo baita, inkognitaren eta motibazioaren konplexutasunaren arabera, eta gure ekintzaren benetako beharrean parte hartzen duten faktoreak uztartzeko moduaren arabera ere bai.
Erakusketa bat, dagoeneko amaituta dauden lanak erakusteko lekua izateaz gain, lanean darabilgun materiala publikoki eta kanpotik digeritzeko prozesuak bizkortzeko aparatua ere izan daiteke. Oraintsu telebistan ikusi nuen dokumental batean azaltzen zutenez, armiarma batzuek, urdailik ez dutenez, pozoiarekin paralizatzen dituzte beren etorkizuneko elikagaiak, hau da, harrapakinak, eta digestio-zukuak injektatzen dizkiete, horrela animaliaren kanpoko digestioa eragiten dute bere tegumentuen barruan, eta, ondoren, sortzen den ahia hurrupatzen dute. Era berean, Karga misteriotsuen pisuari eusten dioten animaliak. West kaxa erakusketa digestioa da, denen bistan egiten den hausnar luzea, non Carreras Mugicako hiru aretoetako bakoitza bat datorren urdaileko zatiekin; ekoizpenerako tokia da, erakusketa ideiatik ihes egin nahi duena, erakusketa bera ekoizteko”.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Back to top button