MUSIKA

Eten taldeak “ATX!” izenburuko lana argitaratu du

Sestaoko Unai de la Iglesiak (bateria) eta Ibon Rodriguezek (gitarra) osatzen duten Eten bikotea ATX! izenburuko bosgarren lan luzea plazaratu du. Diskoak hardcorearen amorrua eta esperimentazioaren askatasuna uztartzen ditu.
90eko urteetan jazz-core etiketa erabili zen antzeko ezagugarriak biltzen zituzten taldeak definitzeko, tartean, No Means No eta Victim’s Family; hots, abiaduraren eta erritmo aldaketa ugariren batuketa.

Taldeak iragarri duenez, bi lagun gehiagok parte hartu dute grabazio berri honetan: Tzesne musikaria arduratu da ekoizpenaz, eta Jon Martin marrazkilaria, berriz, diseinuaz.

Diskoa LP eta CD formatuan eskura daiteke, taldearen kontzertuetan, edo haiei zuzenean eskatuz. “Binilozko aleak eskuz belztu eta serigrafiatu ditugu”. Horretaz gainera, doan ere eskura daiteke Etenen eta Arto Artian katalogoaren webguneen bidez.

Nontzeberrin dagoeneko entzun dugu, eta bidaia deseroso bezain gozagarria da, ertzez eta bihurgunez josia, inondik ere Eroski Bidaiak-ek salduko ez lukeen irteera antolatua edo Mediterraneoan zeharreko bidaia.

Eten, gainera, diskoa aurkezten arituko da egunotan: ostiralean, hilak 5, Bilbon izango dira Piketa taldearekin, eta larunbatean, Sestaon, Arto Artian katalogoaren jaialdian. Ekainaren 13an, halaber, Donostiako Le Bukowskin izango da, Alado Sincera bandarekin; uztailaren 9an, Lisboan; eta, amaitzeko, uztailaren 10ean, Madrilen, Sagrados Corazones-ekin.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button