ARTEA

Azalera eskultura erakusketa ikusteko aukera

Metrokoadroka kolektiboak Oiartzungo Ehuntze sormen espazioan antolatu du 21 Aulki ekimena eta urrian, Ainara Lasa Perez artista plastikoaren Azalera eskultura erakusketa ikusteko aukera izango da.

Zer da Azalera? “Azalera da pertsona ezberdinen gorputz puskekin beste gorputz batzuk performatzeko ahalegin baten hasiera. Azalera da beste denbora bat, aukera emango diguna beste gorputz batzuk zizelkatzeko. Azalera da gorputz berri horien errepliken bidez, beste azalera batzuk sortzeko ahalegin bat. Azalera da gure gorputzek dituzten esanahiez jabetzea. Azalera da egitasmo kolektibo bat, elkarren gorputzak aitortzeko. Azalera da gorputzaren mutazioaren bidez beste errealitate batzuk sortzeko aukera bat. Azalera da azalera etortzea gorputza galtzeko. Azalera da azalera etortzea beste gorputz batzuk borrokatzeko”.

21 Aulki duela zortzi urtetik Oiartzunen antolatzen den diziplinarteko arte jardunaldiak dira. 2023tik urtean bi aldiz antolatzen ari dira, artista baten arte erakusketaren bueltan. Iazko ekitaldian Onintza Etxebeste Lirasen erakusketa paratu zen, eta aurtengo udaberrian Allende Arnaizena.

Arte erakusketarekin lotuta, hainbat ekitaldi antolatu dituzte erakusketaren espazioan bertan, artelanekin diziplinarteko elkarrizketa eginez. Adibidez, bihar, hilak 9, bisita gidatuak antolatu dira eta Azalaren oihartzunak tailerra, LH4ko haurrekin. Tailerraren helburua izango da norbere gorputzaren kontzientzia hartzea eta gorputza bera baliatuz eskuen eta behatzen igeltsuzko piezak sortzea. Ondoren pieza horiekin denekin Ainara Lasa artistak instalazio bat osatuko du eta urtea amaitu bitarte espazio ezberdinetan jarriko da ikusgai egon dadin.

Eta urriaren 11n, Azalerari bertsotan saioa ondu dute lau bertsolarirekin: bi bapatekoan arituko dira eta bi bertso-idatziaren bitartez. Bertan, Alaia Martin, Karmele Mitxelena, Iraitz Mateo eta Uxue Alberdi bilduko dira.

Proiektu honen testuinguruan Metrokoadrokak argitalpen proiektu berria jarri du martxan: ArtemugarrI. Allende Arnaizen erakusketan oinarritutako Birsortu artista liburua argitaratu zuten lehenik, eta Ainara Lasa Perezen Azalera liburua izango da hurrengoa.

Informazio gehiago: Metrokoadroka

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Back to top button