
Bartzelonako Los Corderos konpainiak dantza eta antzerkigintza uztartzen dituen El cielo de los corderos lana taularatuko du ostiralean eta larunbatean, azaroak 15 eta 16, Bilboko La Fundicion aretoan. Emanaldia 2013ko Sarearen Zirkuituaren baitan dago.
Pablo Molinerok eta David Climentek zuzendua, existentziari buruzko lana da, behin eta berriro geure buruei egiten dizkiegun galderen ingurukoa: “Nor naiz? Desio dudana al naiz? Zer desio dut? Batez ere, ez diot galdera hori nire buruari egingo. Baina batez ere ez dut inoiz egia erantzungo, erantzuna gustatzen ez bazait ere. Zoriontasuna norabide bat da, ez da bidea ere, eta horretan ere ez dut asmatzen. Zer da nire buruaz ulertzen ez dudana? Nor naiz? Mila aukeratatik bat (…)“.
Los Corderos konpainia Climentek eta Palomerok eratu zuten 2003an, biak ala biak 77ko belaunaldikoak. Jaume I de Castellón unibertsitateko Antzerki Gelan ezagutu zuten elkar, eta, bertan, eskarmentu nahikoa lortu zuten kaleko antzerkia egiteko. Elkarrekin, edo bakarka, makina bat diziplinetan aritzen dira, arte eszenikoak, ikus-entzunezko esku-hartzeak, eta ikastaroak eta trebakuntza-topaketak, besteak beste.