
Musika Hamabostaldiaren 34. edizioa antolatu dute beste behin Durangon, eta azaro osoan lau emanaldi egongo dira San Agustin kulturgunean.
Musika Hamabostaldia azaroaren 5ean hasiko da, 18:00etan, eta lehen saio horretan, Euskadiko Orkestrak Ondinaren magia interpretatuko du. Ondinak misterioaren eta herri-kondairen parte dira. Greziar mitologian Mediterraneoan bizi ziren uretako ninfei esaten zitzaien ondinak. Eta, hain zuzen, ikuskizun honek ondina baten istorioa kontatzen du, arratsaldeetan hondartzan arrain bihurtzen den eta, bere abenturen artean, mago batekin topo egiten duen neska batena. Naturaren elementuekin jolastuz, lau magia-saio eskainiko dira ikuskizunaren baitan. Lehendabiziko aldia da ziklo honetako familientzako kontzertuetan magia txertatzen dela ikuskizun baten protagonista gisa eta, beraz, esperientzia erabat berria izango da Ondinaren magiak eskainiko duena. Musika ere oso berezia izango da, eta hiru instrumenturen bidez interpretatuko da: uhinak eta itsas sakona irudikatzen dituen harpa, haizearen misterioak kontatzen dituen flauta eta lurrari eta haren misterioei buruz hitz egiten duen biola. Kontzertu honetarako propio sortutako kontakizun baten bidez, eta Duboit, Jolivet, Ravel edo Debussy bezalako egileen musikarekin, gure sentimenekin jolas egingo dugu arteez gozatzeko.
Hurrengo kontzertuak honela antolatu dira: azaroak 11, zapatua, 19:00etan, Kuttune folk taldearen kontzertua; azaroak 18, zapatua, 18:00etan, San Andreu Jazz Band & Èlia Bastidaren kontzertua; eta azkenik, azaroak 24, barikua, 20:00etan, Judith Jauregiren kontzertua.
San Agustin kulturgunean duzue programazio guztia.