
Iparraldeko euskal tradizio herrikoi garrantzitsuenetakoren bat ikusteko abagunea izango duzue igandean, irailaren 28an, 19:00etatik aurrera: Ederlezi Pastorala.
Euskal tradizio herrikoiak ondo ezagutzen dituen Mixel Etxekopar musikaria da proiektu horren bultzatzailea, eta ikuskizuna Nicole Lougarotek zuzentzen du.
Atzo Etxekopar hurbildu zen Arriagara “Zuberoan ikurra bilakatu den” ikuskizunaren gaineko xehetasunak ematera.
Pastoralaren Zuberoan dago, eta oso sustraituta dago Iparraldean, baina oso gutxitan ematen da Hegoaldean. Ikuskizun interesgarrian, musika, dantza eta ahozko tradizioa uztartzen dira, eta hitzaren edo kantuaren bitartez transmititzen diren lanak eszenan ikusten dira. Oraingo honetan formatu txikiagoan; izan ere, izpirituari, izaerari, eusten dio, baina formatua eta partaide kopurua egokitu egiten da, eta ez da pastoral tradizionala bezain jendetsua izango.
Ederlezi Pastorala duela denbora gutxi Zuberoako Gotein-Libarrenseko Xiru Festibalean estreinatu da, Mixel Etxekopar, musikari bikain, euskal tradizioen jakitun handi eta gure kulturaren aztertzaile nekaezinaren bultzadari esker. “Ikuskizun honetan buhameen fikzio bat kontatzen da; fikzioa da bai, baina ijitoen istorioan bermatzen da, eta horrela lekuz eta mendez aldatzea ahalbidetzen da. Teknologiarik gabe, zaharra berria bilakatzen dugu eta betikoa aurkitzen dugu”, esan zuen Mixel Etxekopar musikariak.
Ikuskizuna Nicole Lougarotek zuzentzen du, eta antzezleak, Amaren Alabak taldeko abeslariak eta Xantiana Etchebest, Ihitz Iriart, Graxi Bedaxagar, Luxi Aguergaray, Maika Etxekopar, Graxiana Castillon, Maite Sarraillet, Laida Camus, Benat Larrory, Johañe Bedaxagar, Johañe Etchebarne-Ajia, Niko eta Julen Guiresse eta Pette Jaragoyen gazte zuberotarrak dira.
Gogoratu, igandean, irailaren 28an, 19:00etatik aurrera, Bilboko Arriaga Antzokian, Ederlezi Pastorala.



