
SUSO33 (Madrid, 1973) goitizen duen artistak Representaciones escenográficas de Pinturas Negras Bilbao 2015 izenburuko erakusketa piktorikoa paratu du Bilboko SC Galleryn. Artistak Euskal Herrian abiatu duen lehen banakako erakusketa da, eta abenduaren 4ra arte dago zabalik.
Erakusketan, artistaren obra piktoriko berriena biltzen da; guztira, hamar margolan. Oraintsu, SUSO33ren obrari buruzko atzera begirakoa egin dute Fuenlabradako (Madril) CEART zentroan.
SC Galleryn bildutako lanen jatorria Pinturas Negras izenburuko obretan dago, izan ere, SUSO33 artista-egoiliar gisa jardun zuen, 2014an Eskozian, eta aipatutako Pintura Beltzak Dufftown hiriko zenbait hormetan burutu zituen. Beltzak dira bi arrazoiengatik: batetik, kanpotik ilunak eta korrosiboak direlako; bestetik, barruko mamuak islatzen dituztelako: arima gaixoak, existentziaren amaiera…
Bada, lan itzaltsu horretatik sortutako erakusketa da Bilboko SC Galleryn ikusgai dagoena. Konplexutasun handiko margolanak dira, pintura, hondakinak eta ehundurak uztartzen dituztenak. Emaitza honelakoxea da: obraren edukia nabarmentzen duten hondarrez osatutako ehundura zakarrak.