LITERATURA

Desilusio eta aldi berean erresistentziaren poetikaz

2023ko Blas de Otero-Ángela Figuera saria Elena Sanchez Fuertes idazleak eskuratu zuen, eta orain lan horrek argia ikusi du: Epilogorik gabe (Erein)

Idazleak berak bere obraz honako hau esan du: “modu batean edo bestean definitu beharko banu poema liburu hau, desilusio eta aldi berean erresistentziaren poetikaz hitz egin beharko nuke. Desesperantzatik, desenkantutik sortutako bilduma da, mundua etengabeko gerra batean/ urtzen den bitartean, The Clash taldearen kanta zaharrak/ patioko esekitokietatik zintzilik./ Nostalgia elastiko beltzetan.
Baina itxaropenik gabe bizitzea ez bizitzea bezalakoa baita, etorkizunik ez izateak eragiten duen beldurraren tiraniaren aurkako erresistentzia ere bada orrialde hauetan, eta epilogorik gabe zabaltzen zen poema sortari epilogoa idatzi, oparitu, nahi izan diot, desilusioari ilusioa piztuz, desesperantzari esperantza izpi bat emanez, gramatika berri bat idatziz aditzaren paradigma, sikiera/ egunen batean aldatuko delakoan. (…)
Denbora gutxian idatzitako poema liburua da, bederatzi edo hamar hilabetean. Liburuaren lehenengo poema 2022an sortua da, 2022ko martxoan hain zuzen.
Pandemia batetik ateratzen ari ginen Ukraina eta Errusiaren arteko gatazka gordindu zenean. (Testuingurua Gazako genozidioa ere izan liteke, Libano, Yemen…gerra eta gatazka adibide ugari dago…). Horri larrialdi klimatikoa, krisi migratorioa gehitzen zitzaizkion, eta gizarte sasi-anestesiatua. Pultsio horretatik sortzen dira lehenengo poemak, desilusio batetik jaiotzen dira, mundua gutxi batzuen eskuetan dagoela eta besteontzat, gehiengoarentzat, etorkizunik ez dagoela ikusita. Etorkizuna hitza lausotzen hasten zaidan une batean sortzen da poema liburu hau.
Poema ezkorrak dira, tristeak, lehen atalekoak: bataila galduak, noraeza, larrialdi klimatikoa, krisi migratorioa eta migratzaileen tragedia, prekarietatea… Mina dago poema horietan.
Eta bigarren atala idatzi nuen: Beldurraren tiraniaren aurka. Bigarren atal honetako poemek beste kolore bat dute, beste tonu bat. Hor agertzen dira: amets txikiak, borroka txikiak eta babeslekuak, nire errefugio propioak, musika, literatura, maitasuna.
Eta amaieran Epilogoa dago. Azken atala laburra da, hiru poemek osatzen dute: Enegarrenean, Toki segurua eta Gramatika berria.”

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Back to top button