IKUS-ENTZUN

Datorren astean abiatuko da “Zinegoak” jaialdia

Bilboko Gaylesbitrans Nazioarteko Zinema eta Arte Eszenikoen jaialdiak (Zinegoak) bere 18. edizioa aurkeztu zuen atzo. Jaialdia martxoaren 1etik 14ra arte egingo da eta aurrez aurreko programazioaren aldeko apustua egingo du, bai eta Filmin plataformaren bidez ere.

Aurtengo leloa Zalantza izpirik gabe da, eta “beren identitatea, nortasuna eta etorkizuna duela gutxira arte kontzeptu edo ideia hutsak ziren tresnekin eraikitzen ari direnengan jarri dugu begirada. Beren ikuspegia sexu-aniztasunerantz, askotariko orientazioetarantz, genero-identitatearen eraikuntzarantz edo sexualitatearekin loturiko beste edozein elementurantz modu natural batean zabaldu dutenengan”.

Zinegoakek hiru sail ofizial izango ditu bere programazioan: FIK (fikzioa), DOK (dokumentalak) eta KRAK (narratiba berriak). Hiru sail ofizialetako 18 film luze horiek Golem Alhondigan proiektatuko dira martxoaren 1etik 7ra arte, eta bertan gaurkotasun handiko gaiak izango dituzue: “belaunaldi berrietan oso presente dagoen eraikuntza identitarioak, amatasun lesbikoak, talde-zaintzak eta abar”. 18 film horietatik bederatzi opera primak dira, bederatzitan eduki lesbikoa lantzen da (batez ere FIK sailean) eta gehienetan zuzendariak emakumeak dira.

Martxoaren 5etik aurrera, sail ofizialeko film guztien lehenengo proiekzioa egin eta gero, Filmin plataforman leiho birtuala irekiko da, eta data horretatik aurrera, egunero hiru film berri estreinatuko dira, egunero bana sail bakoitzeko.

Gainera, sei ziklo ezberdin antolatu dira, eta Bilborocken ikusgai egongo direnak: Haurtzaroa-Nerabezaroa, Emakume zuzendariak, Drag life, Erresilientziak, LGTBI+ Nagusiak eta Euskal Begiradak. Horiez gain, Zinegoakek ere ziklo berezi bi antolatu ditu BilbaoArten. Alde batetik, Sébastien Lifshitz Zinegoak 2021 Ohorezko Saridunari buruzko atzera-begirakoa; eta bestetik, Brasil transbertsala ziklo berezia. Aurreko edizioetan bezalaxe, Zinegoakek hainbat jarduera antolatu ditu jaialdiaren irekiera ofiziala baino lehen. Aurten aste honetan izango dira, otsailaren 26tik 28ra arte.

Gero, martxoaren 1ean, Arriaga Antzokian izango da hasiera ekitaldia, eta bertan Jose Antonio C. Amunarriz hondarribiarraren Red Bay film laburraren erabateko estreinaldia izango da.

Jaialdiaren ostean, ekimenak bere ibilbidea hasiko du Euskal Herrian zehar, herriz herri, eta 40 udalerri baino gehiago bisitatuko ditu jaialdiak.

Hortaz denetarik izango du aurtengo Zinegoak jaialdiak. Bere programazio guztia eta datak, tokiak, sarrerak eta abar, bere webgunean kontsultatu ahal dituzue.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.