LITERATURA

“Kapitalaren lantegi ezkutuak” eta “Gu gabe ere” lanak kalean, Susa argitaletxearen eskutik

Susa argitaletxeak lan bi plazaratu ditu egunotan. Kapitalaren lantegi ezkutuak, Lisipe bildumako ale berria, Nancy Fraser pentsalari feministaren artikulu bilduma bat da. Beste aldetik, gaur, Itziar Ugarte Irizar idazleak Gu gabe ere izeneko poema liburua aurkeztu du.

Susa argitaletxeak azaldu duenez, “Nancy Fraser filosofo estatubatuarraren azken hausnarketak euskaratu ditugu Lisipe bildumaren hamargarren ale honetan. Bere pentsamendua taxutu duten oinarrizko ideiak jasotzen dira; esate baterako, kapitalismoa ordena instituzionalizatu gisa kontzeptualizatzearen beharra, ordena hori posible egiten duten faktore ikusezinen azalpen xehea eta kapitalismoaren erro misogino, sexista eta arrazistaren leheneratze politikoa. Zerk ezberdintzen du soldatapeko gizonaren esplotazioa eta soldatarik gabeko emakumeen desjabetzea? Nola ulertu behar dugu justizia soziala testuinguru berri honetan? Nola antolatu behar dira mugimendu sozialak emantzipazioa denona izan dadin? Galdera horien inguruko gogoetak.”

Itziar Ugarte Irizarren lehenengo poema liburuak momentu bat jasotzen du: dena irabazteko izan eta dena galtzeko beldurra sentitzen hasten garen momentu hori.
“Erabaki, deskubrimendu eta oroitzapen berrien garaia. Poemotako ahotsa bere mundua sortzen ari den sasoi horretan, lurrikara isila izango da hurbileko hiru pertsonaren heriotza. Denbora eta lekuarekiko kezka areagotuko dio horrek, munduarekiko begirada aldatzen eta zailtzen ari den bitartean, horrek dakarren ziurgabetasunarekin eta, nola ez, gozamenarekin”.

ETORKIZUNA

Bizikleta bat

etxe aurreko kale argiari lotuta,

kafe usaina dago goizean eta

bezperako ardo botilak mahaian

 

gorputz bat

ispilu aurrean bere buruari begira,

egin gabeko ohe bat, loreak,

diskoak bueltaka eta telefonoan

gonbidapen bat, erantzunaren zain

 

nola liteke

dena irabazteko izan

eta dena galtzeko beldur hau.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button