ESZENA

Dantzaldia surrealismotik gertu

ASMED & Balletto di Sardegna taldeak, Aragosta izeneko lanarekin, Dantzaldiaren 15. edizio berezi hau abiaraziko du asteburu honetan, Lasala euskal konpainiak inaugurazio egunean egindako Hookedizenburuko lanaren ostean. ASMED & Balletto di Sardegna taldeak Coco Chanelen garaikidea zen Elsa Schiaparelli italiar diseinugileari buruzko biografia pertsonal eta oniriko bat eszenaratuko du urriaren 4 eta 5ean.

Ekoizpen berri honekin, ASMED & Balletto di Sardegnak jarraipena ematen dio Elsa Schiaparelli-ren figurari buruz iaz hasitako bilaketa lanari. 
“30eko hamarkadan Schiaparelli moda munduko aitzindari jenial eta antikonformista izan zen, eta gaur egun ere inspirazio-iturria da mundu osoko artista eta estilistentzat. Gogoeta honek errotik berria den pieza bat garatu du, inspirazio kontzeptualekoa dena eta abstrakzio sakoneko adierazpen-kodea daukana. Ikerketa bultzatu duena hauxe izan da: sortzeko eta edozein preziotan ere bere burua adierazteko bulkada geldiezina, rol kulturalak, konbentzioak eta izaki natural eta izaki sozialaren arteko gatazka gorabehera. (…)
Inkontzientearen irudipen onirikoei begiratzeko lurralde bihurtzen da eszenatokia. Ikusleek harrituta ikusten dituzte klabe surrealistan egindako metamorfosiak, gorputzak mugimenduak egin eta itxura desnaturalak hartzen ditu, kreaturak eta objektuak irudikatzen ditu, margolan batetik edota amets lauso baten gogorapenetik irtengo balira bezala. Gorputza erritmo eta musika egiteko tresna bihurtzen da, eta musika eszenatokia zapaltzen duen oinetatik sor daiteke, edota eskuetako azaletik perkusioetan, eta ahotsetik ere bai, gogo biziko deiadar erara, edota oihu, aiene, aho zarratuko melodia eta artikulatu gabeko fonemetan. Antzinako mugimendu eta soinuek bat egiten dute elkarrekin”.

Hauez gain, Rocio Molinak Afectos obra eramango du Dantzaldira; bertan flamenkoaren bilakaera erakusgai jarriko du. Societat Doctor Alonso & Moaré konpainiaren eskutik, hiritik paseo bat egiteko proposamena helduko da. Inguruan ditugun arkitekturara eta ingurunera hurbilduko gaituzte, pertzepzio berri batean murgilduz. Daniel Abreu konpainiak Animal obra taularatuko du. Animaltasunaz eta biziraupenaz hitz egiten den obra honetan dantza, mugimendua eta hitzaren arteko nahasketa antzematen da. Azkenik, Iratxe Ansak El sonido que hacen los cuerpos en la quietud izenburuko work in progress-a eramango du La Fundicionera. Eta edizio berezi honetako urtemuga ospatzeko  elementu bereziren bat ere ekarri dute: Carolyn Carlson. 

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button