ESZENA

"Dantza Plazetan" egitarauaren edizio berria

Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak Dantza Plazetan egitarauaren edizio berria jarri du martxan, euskal folklore herrikoia sustatzeko helburuz, herrietako plazetan egiten ziren erromeriak, dantza erakustaldiak eta kalejirak eskainiz. Egitaraua aurrera eraman ahal izateko, Udalak Bilboko sei dantza talderen eta Bizkaiko Dantzarien Biltzarra federazioaren laguntza aktiboa du.

Egitarauan 38 emanaldi biltzen dira, urtean zehar banatuta Deustuko, Ibaiondoko, Basurtu-Zorrotzako eta Begoñako barrutietako plazetan. Emanaldi gehienak asteburuetan eskainiko dira, baina egitarauaren barruan badago, baita ere, astegunetan eskaintzen den erromeriaren bat.

Ekimen honen alderdi esanguratsuenetakoa da ohiko alardeen erakusketarekin batera badaudela partaidetzan oinarritutako beste une batzuk ere. Dantzariek bertan dauden pertsonak gonbidatzen dituzte jaialdian parte hartzera.

Dantza Plazetan egitarauaren lehenengo jarduera, urtarrilaren 30ean, Bilboko Santiago plazatxoan -Katedralaren ate nagusiaren aurrean, 20:00etan- burutuko den erromeria izango da. Emanaldiaren arduraduna Salbatzaile Dantza Taldea izango da. Talde horrek beste sei erromeria dinamizatuko ditu leku eta ordu berean urteko beste sei zapatutan.

Talde horrekin batera, emanaldiak aurrera eramango dituzten gainerako taldeak honako hauek izango dira: Beti Jai Alai taldeak erromeriak eskainiko ditu Basurtuko Aita Donostia plazan otsailean, uztailean eta urrian; Deustuko Folklore Taldea Deustuko San Pedro plazan egongo da otsailean, martxoan eta azaroan; Bihotz Alai Dantza Taldea otsailetik ekainera bitartean arituko da Deustuko barrutiko hainbat lekutan; Ondalan taldea ere Deustuko hainbat plazatan arituko da urtean zehar; Bizkaiko Dantzarien Biltzarrari dagokionez, alardeak eta erromeriak eskainiko ditu Arriagako plazan eta Areatzan maiatzetik uztailera bitartean eta, amaitzeko, Gaztedi Dantzari Taldeak zenbait erromeria bideratuko ditu Karmelo plazan eta kalejirak eskainiko ditu Santutxun.

Emanaldien egutegi osoa Bilboko Udaleko webgunean duzue.

MBN Comunicacionek bidalita

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button