IKUS-ENTZUN

“Dantza” filmaren aurre-estreinaldia, Bilbon

Telmo Esnal zuzendariaren Dantza filmaren aurre-estreinaldia  egingo da gaur Bilbon, 19:30ean, Golem Alhondigan. Filma 2018ko Donostiako Zinemaldiko Sail Ofizialeko hautagai izan zen, eta Greenpeacek emandako Lurra Saria irabazi zuen. Abenduaren 8an, Durangoko Azokaren programazio barruan, zati bat pantailaratu zen.

Dantza filmak dantza tradizionalen unibertso hipnotikoa irudikatzen du. Telmo Esnalek zuzenduta, Txintxua Filmsek ekoitzita, eta Gipuzkoa, Nafarroa, Bizkaia, Lapurdi eta Zaragozan grabaturiko filma, zinematan estreinatuko da datorren abenduaren 21ean, Bteam Pictures-en eskutik.

“Ekaitza lehertu da landako lan egun gogor baten ondoren. Atertu duenean, bizitza erne da lehen agor zen lurretik. Fruitu bat hazi eta heldu da, bizirik eutsi die izurrien erasoei, eta sagardoaren bizigai izango den sagar bihurtu da. Orduan, uzta ospatzeko tenorea da, topa egitekoa eta maitasunaren festan murgiltzekoa”.

250 dantzari baino gehiagok parte hartu dute tradizioari, lurrari, haren jendeari, mitoei eta ohiturei egindako kantu poetiko horretan. Asmo handiko sormen-apustu handia egin du zinemagileak film horretan; Koldobika Jauregi artistak zuzendu du bertan islatzen den unibertso estetiko eta bisuala, eta Juan Antonio Urbeltz ikertzaile eta folkloristak izan du koreografiak koordinatzeko eta ikuskatzeko eginkizuna.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.